Klub gasteiztarra oso pozik dago entrenatzaile berriaren kontratazioaz -entrenatzaile kroaziarra zen klubaren helburu bakarra-.
Laboral Kutxa Baskoniak entrenatzaile berria du. Afizio gasteiztarrarentzat oso ezaguna da Velimir Perasovic. Entrenatzaile kroaziarrak urte beteko kontratua sinatu du, klubak beste urte batez luzatzeko aukera izanik. Teknikari baskonista berriak 50 urte ditu eta 2011-12 denboralditik Valentzia Basketen egin du lan lehen entrenatzaile bezala. 2005-06 denboraldian talde baskonista hartu ondoren (Pedro Martinez ordezkatuz), Perasovicek bere bigarren etapa baskonista hasiko du aurtengoan.
Pasaden martxoan kroaziar selekzioko hautatzaile bezala izan zen izendatua Perasovic. Jugoplastikan, Breoganen, Fuenlabradan edo Taugres de Vitorian arrakasta handiko jokalaria izan ondoren, Spliten jaiotakoak teknikari bezala hasi zuen bere ibilbidea. Dagoeneko, Perasovicek hamar urteko ibilbidea du entrenatzaile bezala.
ACB-n Caja San Fernandon debuta egin ondoren, Europa osoan entrenatu du Perasovicek -Estudiantes, Cibona, Efes Pielsen eta Valentzia Basket-. Palmaresari dagokionez, Baskoniarekin eta Cibonarekin irabazi du Kopa. Gainera, Zagrebko taldearekin Liga irabazi du ere. Dena dela, bere lorpen garrantzitsuenak talde valentziarrean lortu ditu: Eurocupa iaz eta Euroleaguerako sailkapena.
Selekzio kroaziarrarekin dituen obligazioak behin beteta, entrenatzaile berriak diziplina baskonistarekin egingo du bat.