Joko-antolatzaile arabarrak lehen minutuak jokatu zituen etxeko txapelketan, meritu handiko saskiraketa bat lortuz azken segundoetan.
Amestutako debuta, atzokoan Buesa Arenan, Endesa Ligako lehen minutuak jokatu zituen Joseba Querejetarentzat. 21 urteko arabar gazteak, Baskoniak Morabanc Andorra menderatu zuen (108-95) neurketako azken saskiratzea lortu zuen. Une berezi hartan, taldekideen eromena piztu zen, eta pabiloi osoaren txalo zaparrada jaso zuen.
Querejeta hamar urterekin hasi zen Baskoniako harrobian eta 11 urte geroago, Endesa Ligan debuta egiteko ametsa bete zuen Buesa Arenan. “Harrotasun ikaragarria da niretzat. Hainbeste urtez lanean aritu ondoren, jaio nintzenetik zalea izateaz gain, handia da Gasteizko mutil batentzat debuta egin eta saskiratze bat sartu ahal izatea. Ikaragarria da”, zioen Josebak norgehiagokaren ondoren.
EBA ligan dagoen filial urdin-gorrian ari da Querejeta, sailkapeneko hirugarren postuan, 10,9 puntu, 5,9 asistentzia, 6,7 errebote eta 15,5-eko balorazioa erdietsiz.
14 urte pasa dira arabako jokalari batek Baskoniarekin Endesa Ligan debuta egin zuenetik. Atzora arte, Martin Buesa zen talde euskaldunarekin etxeko txapelketan bere lehen minutuak jokatu zituen azken gasteiztarra, hau ere Dusko Ivanovicen aginduetara.
Oroimenerako eguna gasteizko lehen taldearekin debuta egin zuen Joseba Querejetarentzat. Gainera, Baskoniak garaipena lortu zuen Morabanc Andorraren aurka.