Dusko Ivanovicen gizonek hirugarren garaipena jarraian erdietsi dute etxean EA7 Emporio Armani Milanen aurka.
Urdin-gorriek neurketa handia jokatu dute Euroleagueko 16. garaipena batzeko. Gasteiztarrek hasieratik agindu dute eta Milan 88 eta 73-ko markagailuarekin menderatzeko gai izan dira. Baskoniako bost jokalarik gainditu dute 10 puntuko balorazioa. 19 puntu eta 27-ko balorazioarekin, Chima Monekek eraman du MVP-a.
Hasiera ona izan dute urdin-gorriek, 8 eta 4-ko partzial batekin neurketako lehen abantailak lortuz. Talde italiarrak lehia berdintzea lortu du (10-10) lehen laurdenaren erdialdean. Baskoniak berriz ere aldentzea lortu du, baina Messinarenak puntu bat atzetik amaitu dute lehen laurdena (19-18). Dusko Ivanovicen gizonek martxa handitu eta 12 eta 2-ko partzial batekin, markagailuan ihes egitea lortu dute (31-20). Urdin-gorriek hutsuneak topatzen jarraitu dute italiarren defentsan eta atsedenaldira 14 puntu gora iritsi dira (48-34).
EA7 Emporio Armani Milan energia berriekin atera da bigarren zatira eta 0 eta 8-ko partzialarekin, neurketan sartzea lortu dute. Erasoan gehiago asmatuta, Ettore Messinare gizonak lau puntura jartzea lortu dute (57-53). Urdin-gorriak baina erantzuten jakin dute, 10 eta 2-ko partziala ezarriz. Norgehiagoka 69 eta 55-eko markagailuarekin iritsi da azken laurdenera. Baskoniak neurketa apurtu du laurdeneko hasieran (76-56). Talde arabarra lidertzan mantendu da eta 88 eta 73 markagailuarekin, partida irabaztea lortu du.