Play Off-etako borrokan, Joan Peñarroyaren gizonek Valentziaren bisita jasoko dute
Hilabete baten ondoren, Euroleague Buesa Arenara itzuliko da. Valentziaren aurka erronka garrantzitsu bat izango du aurretik Cazoo Baskoniak (Ostirala, 20:30h). Bi taldeak garaipen eta porrot berberekin ageri dira eta Play Off-eko postuetan sartzeko borrokan daude. Joan Peñarroyaren gizonek badakite zer den Alex Mumbruren taldeari Euroleaguen irabaztea. Pasaden urriaren 9an jokaturiko txapelketako lehen jardunaldian 71 eta 81-eko markagailuarekin atera zen garaile talde arabarra. Ostiral honetan, balentria hori errepikatzen ahaleginduko da.
7º Cazoo Baskonia (13 garaipen eta 12 porrot): Zaleen aurrean, Euroleagueko garaipen berri bat lortzen ahaleginduko dira Joan Peñarroyaren gizonak (Ostirala, 20:30h). Denboraldi osoan zehar etxean jokaturiko partidetan sendotasuna erakutsi du Cazoo Baskoniak eta Valentziaren aurka, Play Off postuetan mantentzeko balio izango dion garaipenaren bila aterako da. Buesa Arenan jokaturiko 12 neurketatik, talde arabarrak 10 irabazi ditu eta txapelketako talderik saskiratzaileena da etxeko norgehiagoketan (93,4). Azken garaipena Panathinaikosen aurka izan zen 95 eta 90-eko markagailuarekin eta ostiral honetan etxeko 11. garaipena lortzen ahaleginduko da.
9º Valentzia Basket (13 garaipen eta 12 porrot): Olinpiakosen aurkako Euroleagueko azken partida galtzetik iritsiko dira Buesa Arenara Alex Mumbruren gizonak. Valentziatik kanpo jokaturiko azken hiru norgehiagokak irabazita, etxetik kanpoko Euroleagueko bere boladarik onena erdietsi nahi du. Helburua baina ez da erraza izango, historikoki beraientzat kantxa zail batean jokatuko dutelako. Buesa Arena bisitatu duen 46 alditatik, 9etan soilik lortu du garaipena talde valentziarrak. Jokalariei dagokionez, Van Rossom, Milan Jimenez eta Kyle Alexander baja izango dira, azken hau Olinpikoasen aurkako partidan eskuin orkatilan zaintiratua izan ondoren. Zortzi hilabeteko lesioa gaindituta, entrenamenduetara itzuli da Martin Hermansson baina joko antolatzaile islandiarra zalantza izango da. Duela aste gutxi Betisetik iritsi den Shannon Evans jokatzeko prest egongo da.
Hiruko jaurtiketak markatutako norgehiagoka izango da. Bataz besteko hiruko jaurtiketa gehien saskiratzen dituzten txapelketako bi talderik onenak dira, biak 10,6-rekin. Euroleaguen 10 aldiz neurtu dituzte indarrak bi taldeek eta garaipenen balantza berdindurik ageri da. Play Off postuetan mantentzeko partida garrantzitsua biziko da Buesa Arenan (Ostirala, 20:30h).