Dusko Ivanovicen gizonek italiara bidaiatuko dute PlayIn-eko sailkapena erabakitzeko.
Play In formatu berritzailerako txartela erdietsi ondoren pasaden jardunaldian Real Madril garaituta, Baskoniak Virtus Segafredori egingo dio ostiral honetan (20:30). Fase erregularreko azken neurketa izango da, sailkapen faserako txartela lortu duen talde urdin-gorriarentzat. Norgehiagoka honetan sailkapeneko postuak erabakiko dira, izan ere Baskonia (8.) eta Virtus (9.) 17 garaipenera berdinduta daude. Gasteiztarrak 18. garaipena batzen eta 8. amaitzen ahaleginduko dira.
9. Virtus Segafredo (17 garaipen eta 16 porrot): Luca Banchirenak sailkapeneko bederatzigarren postura erori dira Euroleagueko azken 6 neurketetan erori ondoren. Talde italiarrak txapelketako hirugarren hiruko egilerik onena du, Marco Belinelli (2.7 3J). 17. jardunaldiaz geroztik kantxetatik kanpo dagoen Devontae Cacok baja izango da eta pasaden martxoaren 17az geroztik lehiarik jokatu ez duen Isaia Cordinier zalantza.
8. Baskonia (17 garaipen eta 16 porrot): Urdin-gorriak egungo txapelduna, Real Madril, garaitzetik iritsiko dira Boloniara ostiral honetan (20:30). Baskonia fase erregularreko azken garaipena lortzen ahaleginduko da, zortzigarren postuan amaituz. Talde gasteiztarra txapelketa osoko bosgarren talderik saskiratzaileena da (83.9). Puntuen buruan, txapelketako saskiratzaile nagusia den Markus Howard ageri da.
Neurketa erabakigarria Baskoniaren postua definitzeko. Bi taldeen arteko 15. lehia izango da Euroleaguen eta momentuz, garaipenen balantzea 7na berdindurik ageri da. Ostiral honetan (20:30), Dusko Ivanovicen gizonak denboraldi erregularreko azken neurketa irabazten ahaleginduko dira, lehen fase hau zortzigarren postuan amaitzeko.