5+11 Fundazio talde juniorrak hirugarren postua lortu du Espainiako Txapelketan eta Tadas Sederkeskis izan da txapelketako saskiratzaile nagusia.
Sevillako Cajasolen aurka irabazi ondoren, talde baskonistak meritu handiko brontzezko domina lortu du Espainiako Junior Txapelketan. “Oso pozik nago. Atzoko porrota eta Daniren baja ikusita, taldeak bikain erantzun du” adierazi du Dani Encinas entrenatzaileak. Aurreko partiduetan erabakigarria izan zen Bordignon gabe eta lehen zati kaxkar baten ostean, Baskoniak itzelezko erremontada gauzatu zuen talde sevillarraren aurka (78-69). “Batera jokatzeko zuten azken aukera aprobetxatu eta disfrutatu behar zutela ulertarazi diegu. Taldean denak sentitzen dira garrantzitsu eta gaurko egunean momentu ahaztezin bat daramate haiekin” adierazi du entrenatzaile gasteiztarrak.
Gauzak horrela, 5+11 Fundazioak oso ondo itxi du txapelketa. “Taldekide guztiok egindako lanaz harro egon behar gara. Gasteizen urte osoan zehar jo ta ke aritu diren gazteak, behar genuenean laguntzeko prest egon diren Junior B-ko mutilak… Primeran aritu gara denok. Esan bezala, azpimarragarria da Juniorreko jokalarien laguntza. Taldean ederto integratu dira eta, azken finean, taldearen batasuna izan da arrakastaren gakoa”.
Talde lana oso garrantzitsua izan da talde gasteiztarraren arrakastan. Dena dela, Tadas Sederkeskisen papera erabakigarria izan da oso. Jokalari lituaniarra izan da txapelketako saskiratzaile onena. Adibidez Cajasolen aurka, 34 puntu, 10 errebote, 7 falta jaso eta 35 puntuko balorazioa lortu zuen. Andaluziarren aurkako partiduan Carlos Martinez (14puntu eta 9 errebote) eta Rinalds Malmanis -18 puntu eta 8 errebote- ere bikain aritu ziren. “Tadasek itzelezko talentua du. Hemendik aurrera, aurkariek oso gogor defendituko dute” esan du Dani Encinasek. “Horrela jarraitzen badu, oso urrun helduko da”.