Jaurtiketetan izandako portzentai baxuak garaipenetik aldendu du talde arabarra.
Joan Peñarroyaren gizonek azken hamar minutuetan gehiago asmatu duen Maccabiren aurka galdu dute. Talde arabarra partida irabazten ahalegindu da, baina jaurtiketetan izandako portzentai baxuak garaipenetik aldendu du. 12 puntu, 9 errebote eta 22-ko balorazioarekin, Maik Kotsar izan da taldeko jokalaririk nabarmenena.
Partida hasiera trabatua izan da Baskoniarentzat. Etxekoek erdietsitako bi saskiraketekin, norgehiagokako lehen abantailak lortu dituzte. Erasoko jokoa hobetuz, markagailua berdintzea lortu du talde arabarrak lehen laurdenaren erdialdean. Israeldarrek lortutako bi hirukori esker, lehen laurdena sei puntuko aldearekin amaitu dute (29-26). Bigarren laurdena Markus Howarden hiruko batekin hasi da. Oded Kattshek zuzentzen duen taldeak aldea handitu egin du. Defentsan hobetuz eta erasoan korrika eginez, aurrerapausoa eman du Baskoniak eta 11 eta 0-eko partzialarekin partidan sartu da (49-45).
Atsedenalditik bueltan, talde arabarra indartsu atera da eta 15 eta 0-eko partzialarekin, markagailua iraultzea lortu du. Maccabi, partidara itzuli eta markagailua berdintzea lortu du. Erritmo eta intentsitate handia bizi izan da eta azken laurdenera 72 eta 65 iritsi da. Kattashen gizonak aldea handitu eta 93 eta 79-ko markagailuarekin atera dira garaile.
Talde arabarrak bere hurrengo erronkari begiratzen dio. Igande honetan (18:30h), Joan Peñarroyaren gizonek Real Madrilen kantxan jokatuko dute Endesa Ligako jardunaldi berri batean. Zurien aurkako denboraldiko hiru partidak irabazita, laugarrenaren garaipena lortzen ahaleginduko da Cazoo Baskonia.