Azken denboraldiko acb ligako txapelduna eta txapeldunordea aurrez aurre izango dira berriz.
Irailaren 12an Tenerifen jokatuko den Endesa Superkopako finalerdietako aurkaria ezagutu du TD Systems Baskoniak. 2019/20ko Endesa Ligako txapeldun bezala, Dusko Ivanovicen gizonak multzoko buru izango dira eta FC Bartzelona izango dute aurkari denboraldiko lehen tituluaren borrokan.
Tenerifeko Santiago Martin pabilioia izango da denboraldiko lehen eszenatokia. TD Systems Baskonia eta Barçaren aurkako neurketak iazko final handia gogoraraziko du. Neurketa irailaren 12an izango da, larunbata, eta ordutegia jartzeke dago oraindik.
“TD Systems Baskoniarentzat denboraldiko lehen neurketa ofiziala izango da. Duela hilabete bat izan genuen FC Bartzelona aurkari, txapelketa guztiak irabazteko helburuaz eraikitako taldea hain zuzen ere”, adierazi du Felix Fernandezek, Saski Baskoniaren Kirol Zuzendaria.
Barçak “taldea mantentzeaz gain, kalitate eta esperientzia handiko fitxaketa batekin indartu da”, nabarmendu du Fernandezek. Zalantzarik gabe, “neurketa baten edozer gauza gerta daiteke” eta TD Systems Baskoniak “aurredenboraldian jokalari berriak integratzeko egingo du gogor lan”.