Baskoniak denboraldiko azken txanpari ekingo dio, maila gorenean lehiatzeko eta Endesa Ligako playoff-etan tokia lortzeko helburuarekin. Buesa Arenan jokaturiko azken 9 neurketak irabazi ondoren, Pablo Lasok zuzentzen duen taldeak bi lehia jokatuko ditu etxean. Tadas Sedekerskisek denboraldiaren tarte erabakigarri horri buruz duen ikuspegia partekatu du: “Etxean oso ondo jokatzen ari gara, baina kanpoan hobeak izan behar dugu. Badakigu zein garrantzitsua den hori gure jendearentzat, gure zaleentzat”.
Tadasek azpimarratu du garrantzitsua dela etxetik kanpoko neurketetan aurrerapausoa ematea eta Endesa Ligako zortzi onenen artean sartzeko aukerari ihes egiten ez uztea. “Gehiago eman behar dugu, burua altxatu eta geratzen zaigun partida bakoitzean borrokatu”.
Baskoniako kapitainak azpimarratu du oso garrantzitsua dela denboraldia sentsazio onekin amaitzea, ez bakarrik sailkapenagatik, baita zaleengatik ere: “Oso garrantzitsua da borrokan jarraitzea eta sentsazio onekin amaitzea, ikur honengatik eta babesten gaituen jendeagatik. Neurketa gutxi gelditzen dira, eta gogo eta izaera horiek erakutsi behar ditugu, lehen esan dudan bezala, geure buruari gehiago exijitu behar diogu”.
Baskoniaren hurrengo erronka etxean izango da LDLC Asvelen aurka, Europako denboraldiko azken lehia izanik Buesa Arenan. “Sentsazio onekin amaitu behar dugu, batez ere datorren urterako, eta partida horiek Endesa Ligarako erreparatzeko balio izatea”.
Igande honetan, halaber, Girona iritsiko da Zurbanoko pabiloira, Sedekerskisek “hil edo bizikotzat” jotzen duen partida. “Dena oso berdinduta dago, eta neurketa hau funtsezkoa da. Gehiago kontzentratu eta eman behar dugu, eta etxean erakusten ari garen izaera azaleratu”. Oraindik hainbat neurketa gelditzen direlarik, Baskoniako kapitainak argi du norgehiagoka bakoitza final bat izango dela. “Buesan erakutsitako gogortasuna eta intentsitatea errepikatu behar ditugu, etxetik kanpoko partidetara eramanez. Asko dugu jokoan, eta azkenera arte lehiatzeko prest egon behar dugu”.
Denboraldiko azken txanpa begi-bistan dago eta Baskoniak borrokan jarraitzen du.