Hegaleko lituaniarrak Baskonian kapituluak zabaltzen jarraitzeko ilusioa duela aitortu du.
“Baskoniarekin partida gehien jokatu dituen jokalaria izan nahi dut”, horiek izan dira Tadas Sedekerskisen hitzak, 2029. urtera arte talde urdin-gorriarekin berritu ondoren. “Ezagutzen nauen jendeak bazekien hemen jarraitu nahi nuela. Hemen hainbeste urte eman ondoren, Baskonia nire bihotzean dago eta duela urte batzuk hasi zen istorio honek aurrera jarraitu behar du”.
Lituaniarrak Gasteiz bere bigarren etxetzat hartzen du. “Hamaika urtean bizitza asko egin dut hemen, eta oso eroso sentitu naiz nire bigarren etxea den eta izango den horretan”. Hori guztia denbora honetan lagun izan duen jendeari esker izan da, jokalari gisa hezteko eta hazteko aukera eman baitio. “Iñaki Iriarte, Juan Pedro Cazorla edo Alfredo Salazar bezalako pertsona garrantzitsuak nirekin egon dira txikitatik eta jokalari izaten lagundu didate”.
26 urte bete berritan, Tadas da aldagela urdin-gorriko kapitaina eta liderra. “Beti izan dut buruan Baskonia bezalako klub garrantzitsu bateko kapitaina izan nahi izatea. Erantzukizun handia da Euroleagueko talde onenetako baten kapitaina izatea. Kapitain gisa tituluren bat altxatzea gustatuko litzaidake, ohore bat izango litzateke”.
Tadasentzat leialtasuna oso hitz garrantzitsua da berrikuntza honetan. “Geroz eta jende gutxiagok du klub batekiko leialtasuna. Jokalariak asko mugitzen dira eta niri ilusio handia egiten zidan talde honetan jarraitzeak. Ez nuen bide eta istorio hau utzi nahi beste norabait joateko. Hemen jendeak asko estimatzen nau eta nik leialtasun hori erakutsi nahi nien eta Baskoniarekin partida gehien jokatu dituen jokalaria izan nahi dut”.