Endesa Ligako erreskadako bederatzigarren garaipena lortu nahi dute Joan Peñarroyaren gizonek
Igande honetan (12:30h) amaituko du lehen itzulia Cazoo Baskoniak. Galiziako lurretara bidaiatuko dute Joan Peñarroyaren gizonek Monbus Obradoirori bisita egiteko. Errege Kopako serie-burua bermatuta, lehen itzulia txapelketako lidergoan bukatu nahi dute.
11º Monbus Obradoiro (8 garaipen eta 8 porrot): Errege Koparako txartelaren lehian dagoen taldeetako bat da Obradoiro. Azken zortzi neurketetatik sei irabazita, momentu onean iritsiko dira Galiziarrak partidara. Fontes do Sar-ren indartsu jarraitzen ahaleginduko dira Moncho Fernandezenak. Bataz beste 16,7 puntu saskiratuta, duela aste batzuk iritsitako Kassius Robertson da beraien jokalaririk nabarmenena.
3º Cazoo Baskonia (13 garaipen eta 3 porrot): Joan Peñarroyaren gizonek bi hilabete daramatzate Endesa Ligan partidarik galdu gabe. Errege Kopara serie-buru bezala sailkatzeko balio izan diete erreskadan lortutako zortzi garaipenek. Igande honetan txapelketako 14. garaipena eskuratzea izango dute helburu. Bataz besteko 10 puntuko balorazioa zortzi jokalarik gainditzen dute.
Guztira 26 aldiz neurtu dituzte indarrak bi taldeek eta horietatik 22-tan atera da garaile talde arabarra. 2020-2021 denboraldian bere etxea izan zenera itzuliko da Steven Enoch.