Azken denboraldian Alba Berlinen erreferenteetako bat izan ondoren, Baskoniaren 2020-21 denboraldiko lehen fitxaketa bilakatu da.
Kirolbet Baskoniak Rokas Giedraitis hegaleko lituaniarra fitxatu du. Giedraitis Tauragén jaio zen, Lituanian, 1992ko abuztuaren 16an, eta joan den denboraldian Alba de Berlinen jokatu ondoren iritsi da Gasteizera. Talde alemaniarrean BBL-ko txapeldun bilakatu da.
Internazional lituaniarrak bere jaioterrian hasi zuen ibilbide profesionala eta 2015era arte Lietuvos Rytasen aritu zen. Talde lituaniarrean hiru aldiz jokatu zuen Eurocup txapelketa. 2018-19 denboraldian Europako txapelketa gorenera egin zuen salto eta Alba de Berlinen eskutik EuroLeague jokatzeko aukera izan du.
Aurtengo Turkish Airlines EuroLeaguen hegaleko baskonistak 13,8 puntu, 4 errebote eta 14,7ko balorazioa lortu ditu bataz beste. Gainera, liga alemaniarreko txapeldun bilakatu da eta bere taldeko erreferenteetako bat izan da ere: 10,9 puntu, 3,5 errebote eta 11,7ko balorazioa bataz beste.
KIROLBET Baskoniak esperientzia eta kalitatea gehitzen dizkio datorren denboraldiari begira eraikitzen hasi den proiektu berriari.