Jokalari ohiak kapital-zabalkuntza babestu nahi izan du eta akziodun bihurtu da, “hemen bizitako guztia ez dut inoiz ahaztuko, niri bizitzaren parte da”.
Baskoniaren historiako jokalari garrantzitsuenetako bat izanik, Igor akzionista bihurtu da “Baskonia naiz” kanpainan parte hartuz. Gasteizen oso jokalari maitatua da Rakocevic eta bere bizitza markatu duen klubari laguntzeko unean ez du segundo batez ere zalantzarik izan. Oroitzapen ahaztezinak, esperientzia paregabeak eta hiriarekiko zein Klubarekiko maitasuna, betierekoa. “Jokalari asko hazi gara talde honetan. Nire bigarren etxea Gasteiz da. Afizioaren eta Klubeko jendearen artean oso maitatua naizela badakit. Bertan nire karrerako momentu onenak bizi izan ditut eta nire arrakasta handienak talde honekin lortu ditut”. Serbiarrak Buesa Arena bisitatu du. “Hemen bizitako momentuak eta zaleak ez ditut inoiz ahaztuko. Bertan bizi izan dudan guztia irribarre batekin gogorarazten dut. Nire bizitzaren parte da pabiloi hau”, adierazi du idolo baskonistak. Gainera, “Twitter eta sare sozialen bitartez, oraindik jarraitzaile askorekin mantentzen dut kontaktua” aitortu digu serbiarrak.
Rakocevicek argi dauka kapital-zabalkuntzan emandako laguntzaren zergatia. “Hemen urte bikainak bizi izan ditugun guztion errespontsabilitatea da orain Klubari laguntzea. Bertan hazi izan diren jokalariei kapital-zabalkuntzan parte hartu dezaten gomendatzen diet”. Honetaz gain, Baskoniak bere bizitzan izan duen garrantzia azaldu nahi izan digu. “Nire hazkuntza pertsonalean oso garrantzitsua izan da. Bai pertsona, bai jokalari bezala, asko heldu nintzen. Baskoniak erabat aldatu ninduen eta oso eskertuta nago”.
Baskonia Gasteizeko produktu onena dela deritzo eta bertan bere karrerako urte politenak bizi zituela argi du. “Momentu bakar batekin geratzea oso zaila da, baina Ligako titulua eta Real Madrilen aurka luzapenean irabazitako Errege Kopa ez ditut inoiz ahaztuko. Izugarriak izan ziren!” azaldu du. Baina tituluen gainetik, afizio gasteiztarraren babesa eta adorea geratu zaizkio markatuta. “Nire izena askotan abestu dute. Hemen trantze egoeran jokatzen nuen beti, energia itzelaz”.
Behin saskibaloi kantxak profesionalki utzita, ez dio saskibaloia praktikatzeari utzi. Berez, txapeldun izaten jarraitzen du. “Orain dela gutxi eta Mazedoniarekin lehiatuz, urrezko domina lortu dut Jiu-jitsun. Hobby bat izan arren, nik ezin dut ezer erdizka egiten. Zeozer egin ezkero, nire onena ematen dut, horrelako naiz” aitortu du. Nahiz eta entrenatzen jarraitu, -“azken finean saskibaloia odolean daramat”- atsedenerako momentua dela erabaki du, familiarekin denbora gehiago pasatzeko unea hain zuzen. “Nire familiarekin egon nahi dut eta urte hauetan bizi izan duten guztia konpentsatu nahi diet. Urte guzti hauetan ez dut ezertarako denborarik izan. Ondoren, etorkizunera begira onena zer den erabakiko dut” adierazi du. Momentuz, hobekuntza eskola bat zabaldu nahi du Belgradon “prestakuntza fisikoan eta mentalean bikaina den talde bat osatu dugu. Kurtsoa kirolari profesionalei bideratuta egongo da”.