Urdin-gorriek ezin izan dute garaipena lortu Unicajaren aurka.
Lehen hiru laurdenetan nagusi izan bada ere, Baskonia Malagan erori da sailkapeneko liderraren aurka 95 eta 91-eko markagailuarekin. Amaieraraino borrokatu badute ere, Dusko Ivanovicen gizonek ez dute saririk lortu. 24 puntu, 6 errebote eta 24-ko balorazioarekin, Matt Costello izan da jokalari urdin-gorri nabarmenena.
Irteera bikaina izan dute urdin-gorriek Martin Carpenan, lehiaren agintea hartuz 12 eta 16-ko partzialarekin. Ibon Navarrorenek baina erantzun egin dute eta markagailua berdintzeko gai izan dira (21-21). Lehen laurdenean 9 hiruko saskiratu ondoren, Dusko Ivanovicen gizonek aurretik jartzea lortu dute berriro (27-35). Andaluziarrek 12 eta 5-eko partziala ezarri dute bigarren laurdenaren hasieran, hiru puntura hurbilduz (39-42). Baskoniak jaurtiketa askatuak topatzen jarraitu du eta atsedenaldira sei puntuko errentarekin iritsi da (48-54).
Baskonia lehen zatiko energia berarekin atera da bigarren zatian, lidertzan mantenduz. Malagako taldeak martxa bat gehiago jarri du defentsan eta aldea 5 puntura murriztea lortu du azken 10 minutuei begira (66-71). Zurbanoko taldeak zama fisikoa nabaritu du azken laurdenean, eta Unicajak markagailuaren lidertza hartzea lortu du neurketa osoan atzetik joan ondoren. Azkenean, Baskoniak ezin izan du garaipena lortu egungo liderraren aurka (95-91).
Urdin-gorriak dagoeneko Real Madrilen aurkako Euroleagueko Playoff-etako kanporaketan pentsatzen ari dira.