Uneoro markagailuan atzetik joan ondoren, Alemanian erori dira Joan Peñarroyaren gizonak
Euroleagueko erreskadako bigarren porrota erdietsi du Cazoo Baskoniak Municheko Bayernen aurka. Lehen minutuetatik beraien erritmoa markatu dute Andrea Trinchieriren gizonek eta uneoro markagailuan atzetik joan dira Joan Peñarroyarenak. 21 puntu, 3 asistentzia eta 17ko balorazioarekin, Markus Howard izan da arabarren jokalaririk nabarmenena.
Partidari hasiera txarra eman dio Cazoo Baskoniak. Erasoan gehiago asmatuz, 15 eta 4ko partziala ezarri dio etxeko taldeak lehen bost minutuetan. Joan Peñarroyak eskaturiko hutsarte baten ondoren iritsi da gasteiztarren susperraldia, lau puntura hurbilduz hainbat saskiratzeren ondoren. Erreakzioak gutxi iraun die arabarrei eta lehen laurdenean erdietsitako zortzi hirukoei esker, lehen hamar minutuak alde politarekin amaitu dute Andrea Trinchieriren gizonek (34-24). Markus Howarden gidaritzapean, aldea puntu bakarrarera murriztea lortu du Baskoniak laurdeneko lehen lau minutuetan. Erasoko erritmoa motelduta, zortzi puntu atzetik iritsi dira atsedenaldira Euskaldunak (52-44).
Lehen bost minututan sei puntu erdietsiz, sentsazio berberekin ekin diote hirugarren laurdenari Joan Peñarroyaren gizonek. Erasoko joko bikainak, momentu horretarainoko etxekoen alderik handiena ekarri du partida amaitzeko hamabi minuturen faltan (17). Beraien aldeko markagailua ondo kudeatu dute alemaniarrek, Baskoniaren Euroleagueko erreskadako bigarren porrota ezarriz (92-79).
Denborarik galdu gabe, Euroleagueko erronka berri bat egin beharko dio aurre Baskoniak ostiral honetan (20:30), Partizanen kantxan. Astea Buesa Arenan itxiko du Joventuten bisita jasoz (Igandea, 17:00) Endesa Ligako jardunaldi berri batean.