Azken unera arte borrokatu badute ere, Joan Peñarroyaren gizonek ezin izan dute Lituaniako taldea gainditu
Parekotasun handiko lehian, amaieraraino borrokatu dute Joan Peñarroyaren gizonek. Neurketaren amaieran erabaki hobeagoak hartuz, etxeko taldeak partida bere aldera eramatea lortu du. 6 puntu, 9 errebote eta 15-eko balorazioarekin, Steven Enoch izan da arabarren jokalaririk nabarmenena.
Erritmo eta intentsitate handiko partida hasiera bizi izan da. Lehen aldeak lortzeko erasoko jokoa erabili nahi izan dute bi taldeek baina lehen laurdenaren erdian markagailua berdinduta zegoen. Etxekoek azken minutuan egindako saskiraketa baten ondorioz, bi puntuko aldearekin iritsi dira lehen laurdenaren amaierara. Intentsitateak jarraipena izan du bigarren laurdenean, eta beste martxa bat jarriz, markagailuan aurretik jartzea lortu du Cazoo Baskoniak. Etxekoak baina, suspertu eta neurketa berdintzea lortu dute. Azken minutuetako defentsa onak, lau puntuko aldea eman dio talde arabarrari aldageletara joan baino lehen (38-42).
Hiruko batekin ireki du bigarren zatia talde Lituaniarrak. Hirugarren laurdenak gidoi bera izan du. Bi taldeak erritmoa ezartzen ahalegindu dira baina markagailuan parekotasunak jarraitu du. Azken laurdenerako dena erabakitzeke zegoen (61-60). Vanja Marinkovicen gidaritzapean, aurretik jartzea lortu du talde arabarrak. Kazys Maksvytisen gizonek berriro ere erritmoa hartu eta partida berdintzea lortu dute. Azken minutuetan erabaki hobeagoak hartuz, garaipenarekin egin dira etxekoak (79-75).
Gasteiztarrak hurrengo partidari begira daude. Kaunasetik zuzenean Malagara joango da Unicajaren aurka (Igandea, 20:00) Endesa Ligako jardunaldi berri bat jokatzeko.