Endesa Ligako 28. jardunaldian galiziako taldea mendean hartuta, lidertzan jarraitzen dute gasteiztarrek.
Endesa Ligako lidertzan jarraitzeko, txapelketako 23. garaipena lortu dute Joan Peñarroyaren gizonek. Talde joko ona erakutsiz, hasieratik nagusi izan da Cazoo Baskonia. 26 puntu, 5 asistentzia eta 28-ko balorazioarekin, Max Heidegger izan da taldeko jokalaririk nabarmenena. 20 puntu, 9 asistentzia eta 27-ko balorazioarekin, Darius Thompsonek ere neurketa paregabea jokatu du.
Talde arabarrak partida hasiera bikaina izan du, 11-4-ko partzial batekin, Moncho Fernandezen hutsartea eraginez. Eroso jokatuz, aldea handitzen joan dira gasteiztarrak. Max Heideggerren (14 puntu) eta Darius Thompsonen (11 puntu) gidaritzapean, lehen laurdena 34 eta 9-ko markagailuarekin itxi da. Galiziarrek aurrerapausoa eman dute eta jarraian saskiratutako sei punturekin, aldea zertxobait murriztu dute. Joan Peñarroyaren gizonek baina, aldea ondo kontrolatu dute eta atsedenaldira 58 eta 40-ko markagailuarekin iritsi dira.
Aldageletatik bueltan, lehen zatiko erritmoa jaitsi du Cazoo Baskoniak eta hori baliatu dute galiziarrek aldea murrizteko. Defentsa sendotuz, diferentzia bederatzi puntuan utzi du Obradoirok. Berriz ere partidaren agintea hartuta, 15 puntuko abantailarekin amaitu du hirugarren laurdena talde arabarrak (78-63). Gidoi berbera azken laurdenean. 110 eta 94-ko markagailuarekin, Endesa Ligako lidertzan jarraitzeko beste garaipen bat lortu du Cazoo Baskoniak.
Gasteiztarrek bere hurrengo erronkari begiratzen diete. Asteko Endesa Ligako bigarren norgehiagokan, Joan Peñarroyaren gizonek Fuenlabradara bidaiatuko dute (Igandea, 20:00), garaipen berri bat lortzeko helburuarekin.