Lehen itzulia 13 garaipen eta 4 porrotekin amaitu dute Joan Peñarroyaren gizonek
Obradoiroren kantxan galdu ostean, Endesa Ligako garaipen erreskada amaitutzat eman du Cazoo Baskoniak. Azaroaren 20az geroztik jasotzen duen lehen porrota da. Bigarren laurdenean izandako akatsak ezin izan dituzte irauli arabarrek eta 91 eta 86ko markagailuarekin amaitu dute norgehiagoka. 19 puntu, 8 errebote, 2 asistentzia eta 23ko balorazioarekin, Daulton Hommes izan da arabarren jokalaririk nabarmenena.
Saskiratze gutxirekin hasi dute partida bi taldeek baina aurrerapausoa emanez, azkar batean lortu ditu neurketako lehen abantailak Cazoo Baskoniak (5-12). Moncho Fernandezek hutsartea eskatu badu ere, lehen laurdena gasteiztarren aldeko aldearekin amaitu da (11-19). Bigarren laurdenean erabat aldatu da neurketa. Erasoko jokoan huts gehiago egin dituzte arabarrek eta hori baliatu dute etxekoek markagailua iraultzeko 13-0-ko partzialarekin (28-24). Markagailuan aurretik jartzen ahalegindu bada ere, atsedenaldira bi puntuz behera iritsi da Cazoo Baskonia (35-33).
Joan Peñarroyaren gizonak partidaren lidergoa hartzen saiatzen ziren bitartean, erasoko jokoan asmatzen jarraitzen zuten Galiziarrek. Azken laurdenerako bi minuturen faltan diferentzia bi puntuko bazen ere (55-53), etxekoek bere horretan jarraitu dute diferentzia hamar puntuetara eramanez (66-56). 0 eta 9-ko partzialarekin, sei puntura hurbildu dira arabarrak hiru minuturen faltan. Etxekoek baina, ondo kudeatu dute beraien aldea eta partida 91 eta 86-ko markagailuarekin amaitu da.
Azken bi urteetan Euroleague irabazi duen Anadolu Efesen bisita jasoko du Cazoo Baskoniak ostiral honetan (20:30h). Astea Murtzian (Igandea, 17:00h) amaituko dute Joan Peñarroyaren gizonek.