Dusko Ivanovicen gizonek garaipena lortu dute bigarren zati bikain baten ondoren.
Garaipen garrantzitsua Baskoniarentzat, denboraldian bigarrenez, Belgradeko Izar Gorria menderatu ondoren. Bigarren zati handi batean, Markus Howard bikain batekin (32 puntu eta 25-eko balorazioa), urdin-gorriek garaipena bereganatu dute. 13 puntu, 12 errebote eta 27-ko balorazioarekin, Chima Moneke izan da baskoniako jokalaririk nabarmenena.
Hasiera parekatua Stark Arenan. Markus Howardek bi hiruko saskiratu ditu, baina talde Serbiarrak 9 eta 0-eko partzial batekin erantzun du, Dusko Ivanovicen hutsartea eraginez. Baskonia gerturatu egin da, baina Sfairopoulosenek hamar puntu aldearekin itxi dute lehen laurdena (30-20). Bigarren laurdenean, urdin-gorriak aurrerapausoa ematen saiatu dira erasoko jokoan eta bost puntura jarri dira bi minuturen faltan. Atsedenaldira 52 et 43-ko markagailuarekin iritsi da.
Gidoi berbera aldageletatik bueltan. Howardek eskumuturra berotu eta bederatzi puntu erdietsi ditu, aurkariarengandik bira jarriz. Monekeren birrintze batek neurketa berdindu du. Howarden hirukoek aurretik jarri dute talde gasteiztarra azken laurdenari begira (62-69). Gainera, marka pertsonal berri bat jarri du Euroleagueko laurden batean sartutako puntuekin (17). Zaleen babesean, Izar Gorria indartu egin da eta markagailua berdintzea lortu du. Baskoniak izaera erakutsi eta denboraldiko bigarren garaipena lortu du Izar Gorriaren aurka (90-91).
Talde euskaldunak bere hurrengo norgehiagokari begiratzen dio. Dusko Ivanovicen gizonak etxera bueltatuko dira Endesa Ligako jardunaldi berri bati aurre egiteko. Morabanc Andorra izango da urdin-gorrien hurrengo aurkaria igande honetan (17:00).