Marco Crespi izango da Laboral Kutxaren entrenatzaile berria. Vareseko entrenatzaileak urte bateko kontratua sinatu du, baina emaitzei eta helburuei lotutako klausula baten bitartez kontratua urte betez luzatu daiteke.
Langilea, zorrotza eta kementsua; teknikari italiarra proiektu berria hasteko irrikitan dago. Marco Crespi gogo handiz heldu da hiriburu arabarrera “kantxa gizona izateaz gain, nire laguntzaileekin batera bulego lanean aritzea asko gustatzen zait ere. Ahalik eta lasterren hasi nahi dut lanean”.
Italiar Ligan esperientzia handia du Crespik, baina ACB-a ere ondo ezagutzen du. “Orain dela urte asko egon nintzen Endesa Ligan. Hainbeste denbora pasa eta gero, asko aldatu naiz. Orain pertsona eta entrenatzaile desberdina naizela esan dezaket. Baskonia bezalako klub baten entrenatzaile izatea oso pozgarria da niretzat. Lana oinarri, talde honek nortasun propioa izan du beti. Nik beti izan ditut begiak Baskonian jarrita”, adierazi du entrenatzaile berriak.
Crespik bere lan metodoa azaldu digu. “Jokalariekin tratu pertsonala izan ohi dut. Egunerokotasunean jokalari bakoitzari bete beharreko helburu pertsonalak jartzen dizkiot”. Metodo honen bitartez, iaz Crespiren taldeak azken momenturarte borrokatu zion Italiar Liga Olimpia Milanori.
Entrenatzaile izatea egi bihurtutako ametsa da Laboral Kutxaren entrenatzaile berriarentzat. “Entrenatzaileek zorte handia dugu. Azken finean, lana da gure pasioa. Hori dela eta, gure %100-a emateko obligazioa dugu”.
Italiarraren karakterra eta energia oso ezagunak dira saskibaloi munduan. “Energia, sentimendu eta pasio handiz lan egiten dut eta ondokoei guzti hau transmititzen saiatzen naiz”.
Crespik jokalari gazte askorekin lan egin beharko du Gasteizen, baina aspektu honetan entrenatzaile italiarrak esperientzia handia du. Exijentzia da bere premisa nagusia. “Jokalari gazteekin oso zorrotzak izan behar gara. Aspektu teknikoak landu beharrean, lehenik mentalki prestatu behar ditugu. Partidu on baten ostean erosotasunean jauzi daitezke. Gure lana exijitzen jarraitzea da. Saskibaloia maite duten jokalariekin lan egitea gustatzen zait”.
Denboraldi berria hasteko irrikitan dago Crespi. “Ez dugu beste taldeak begiratzen denbora galduko. Egunez egun hobetzeko helburuaz, lan etika bat ezartzea da gure lehentasuna. Kirol kulturak lan etikaren ezarpenean datza eta honetan egingo dugu lan”.