Laboral Kutxako entrenatzaile berriak garrantzi handia eman dio talde lanari. Denboraldi liluragarri honetan taldeak “lan egiteko plantila onena” duela adierazi du.
Emozioa, lana eta motibazioa izan dira Marco Crespiren aurkezpenean gehien erabilitako hitzak. Josean Querejeta presidentearekin batera eta komunikabideen aurrean, Marco Crespi Baskoniako entrenatzaile bezala izan da aurkeztua.
Ezer esan baino lehen, Querejetak zorte ona opa nahi izan dio entrenatzaile berriari.
“Iaz klubak betidanik izan dituen balore tradizionalak galdu ondoren, aurten da balore hauek berreskuratzeko unea. Iazko konpromiso falta, utzikeria eta aitzakiak alde batera utzi behar ditugu. Lana, konstantzia eta borroka izan behar dira berriro ere gure baloreak” adierazi du Saski Baskoniaren Presidenteak.
Querejetak azaldu bezala, taldearen baloreak berreskuratzea da aurtengo helburua. “Gure ahulguneak zeintzuk diren jakinda, betiko Baskonia izan behar gara berriro ere. Kantxa guztietan borrokatu dugu, beti karakter handiko taldea garela erakutsi dugu eta beti izan dugu onenen artean egoteko anbizioa”.
Entitateko presidenteak proiektu berriari buruz egin du berba. “Talde ilusionagarri bat egin dugula uste dut. Gainera, fitxaketen filosofia aldatu egin dugu. Ikusi duzuenez, fitxaketa baten faltan, aurredenboraldia talde osoarekin hasi dugu. Irailean guztiok nahi dugun taldea ikusi nahiko genuke. Taldeak afizioa ilusionatu behar du”.
Josean Querejetak hitz egin ondoren, Marco Crespi izan da protagonista. “Baskoniarekin bat egin izanak asko pozten nau. Presidentearen hitzak asko eskertzen ditut. Saskibaloiarekiko dudan pasioa oso handia da eta lanaren etika estilotzat duen Klub batean lan egitea oso pozgarria da niretzat”.
“Jokalariek entrenamendu eta partidu guztietan emozioz joka dezaten da nire lehen helburua. Pabilioian zein telebista aurrean, jarraitzaile batek emozioa nahi du. Hori dela eta, jokalarientzat emozio hori izan behar da haien motibazio handiena”, adierazi du Crespik.
Vareseko entrenatzaileak langile petotzat deskribatu du bere burua, “abiapuntua emozioa, borroka eta motibazioa izan behar dira. Ondoren estiloari buruz hitz egin dezakegu, baina lehenengo denok sentitu behar dugu taldea”.
Teknikari italiarrak Gasteizera etortzeko ilusio handia zuen. “Joseanekin hitz egin nuenean hona etortzeko irrikitan nengoen. ACB-n edota Euroleaguen helburu konkretu bat finkatu ordez, nahiago dut jokalari guztien garapena helburutzat jartzea. Ez soilik aspektu teknikoan, borrokan eta intentsitatean ere. Jarrera komun bat erakutsi behar dugu kantxan. Indibidualki ondo aritzeko, jokalariak juntu sentitu behar dira kantxan”.
Baskonia berriaren estiloaren inguruan komunikabideek kuriositate handia erakutsi dute. “Marco Crespiren taldea espresio bezala ez zait gustatzen. Bai erasoan, bai defentsan, jokalari guztiek pertsonalitatea izan behar dute. Erasoan talde bezala jokatu behar dugu eta defentsan denok presionatuko dugu”, erantzun du.
Azkenik, Crespik ilusio handiz hitz egin du taldearen inguruan. “Beti esaten dudan bezala, daukadan plantila da plantila onena. Haien ehuneko ehuna ateratzen saiatuko naiz. Bata bestearekin jokatzeko kultura dute gure jokalarietako askok”.
Afizioaren ezinbesteko garrantzia
Bere aurkezpenean Marco Crespik ez du afizioa ahaztu. Aurtengo denboraldian jarraitzaileak oso garrantzitsuak izango direla esan du. “Taldeak ez du izarrik. Hori bai, ondo lan egin ezkero jokalari askok aurrera pausu bat emango dute. Gure jarraitzaileek garrantzi handia izango dute taldearen ibilbidean. Afizioak talde borrokalari bat animatu eta babestuko du”.
Escucha las declaraciones de Marco Crespi
[flickr_set id=”72157646679947121″]