Eurocupeko txapelduna 101 eta 97 mendean hartuta, etxean indartsu jarraitzen dute Joan Peñarroyaren gizonek.
Endesa Ligako etxeko 14. garaipena jarraian amaieraraino borrokatu ondoren. Partida zaila Eurocupeko txapeldunaren aurka. Markus Howardek, luzapenean lortutako hiruko batek eman dio garaipena talde arabarrari. Txapelketako 26. garaipena lortuta, beste astebetez sailkapenaren gorenean mantentzen da Cazoo Baskonia. Bost jokalarik gainditu dute hamar puntuko balorazioa. 18 puntu, 9 errebote eta 29-ko balorazioarekin, Matt Costello izan da neurketako MVP-a.
Lehen minutuetan puntu gutxi ikusi dira. Erasoan egindako hutsek 5 eta 4-ko markagailua utzi dute. Jarraian lortutako bi hirukori esker, Cazoo Baskoniak lau puntuko aldea lortu du (19-15). Azkenean, lehen laurdena Kanaria Handiak irabazi du (19-20). Jaka Lakovicen gizonek diferentzia handitzea lortu dute (24-30), Joan Peñarroyaren hutsartea eraginez. Gasteiztarrak suspertu egin dira eta markagailua iraultzea lortu dute atsedenaldira iristeko bi minuturen faltan (41-35). Aldageletara aurretik iritsi da Cazoo Baskonia (45-43).
Atsedenalditik bueltan indartsu atera dira kanariarrak eta 3 eta 12-ko partzial batekin, partidaren agintea hartu dute. Etxekoak aldea murriztu dute eta bi puntura kokatu dira hirugarren laurdena amaitzeko lau minuturen faltan (60-62). Baskoniak borrokatu badu ere, azken laurdenera aurretik iritsi da Kanaria Handia (73-76). Azken laurdenaren hasieran aurretik jarri da Cazoo Baskonia (83-82). Parekotasunak bere horretan jarraitu du eta 91-ko berdinketarekin, norgehiagoka luzapenera joan da.
Amaieraraino borrokatu ondoren, Endesa Ligako 26. garaipena lortu du Cazoo Baskoniak. Emaitza honekin, sailkapeneko lidertzan mantentzen da beste jardunaldi batez.