Txapelketako 22. garaipena lortu ondoren, ligako lidertzan kokatu da Cazoo Baskonia.
Baxi Manresaren aurka garaipen garrantzitsua lortu dute Joan Peñarroyaren gizonek. Talde arabarra Endesa Ligako lidertzan kokatu da eta hurrengo PlayOff-etarako txartela lortu du. Talde joko ona erakutsiz, zazpi jokalarik gainditu dute hamar puntuko balorazioa. 14 puntu, 4 errebote eta 20-ko balorazioarekin, Steven Enoch izan da gasteiztarren jokalaririk nabarmenena. 22 puntu eta 19-ko balorazioarekin, Max Heideggerrek ere norgehiagoka bikaina jokatu du.
Parekotasun handiko lehen minutuak bizi izan dira Buesa Arenan. Erasoko jokoan erritmo gehiago erakutsiz, kataluniarrek partidako lehen abantailak lortu dituzte (11-17). Baskonia suspertu egin da eta neurketa berdintzea lortu du. Bere jokoa gailenduz, talde arabarra aurretik iritsi da lehen laurdenaren amaierara (27-23). Bigarren laurdenean, errenta hamar puntura eraman dute gasteiztarrek. Pedro Martinezen gizonak aldea murrizten ahalegindu dira baina atsedenaldira 53 eta 46-ko markagailuarekin iritsi da.
Aldageletatik indartsu atera da Manresako taldea eta aldea puntu bakarrera murriztu du. Hiruko jaurtiketetan asmatuz, diferentzia hamaika puntura eraman du Cazoo Baskoniak hirugarren laurdenaren amaieran (82-71). Beste partida batez, 100 puntuko langa gainditu du talde arabarrak (107-92), Endesa Ligako lidertzan kokatuz eta hurrengo PlayOff-etarako txartela lortuz.
Joan Peñarroyaren gizonek hurrengo erronkei begiratzen diete. Cazoo Baskoniak aste garrantzitsua izango du aurretik Euroleagueko zortzi talderik onenen artean sailkatzeko. Txartela bere eskura duelarik, ostegun honetan (20:00), Olinpiakosen kantxan jokatuko du fase erregularreko azken norgehiagoka. Astea, Tenerifen (Igandea, 13:00) itxiko du Endesa Ligako jardunaldi berri batean.