Fase erregularraren barruan, Buesa Arenan jokatuko den azken-aurreko neurketan, Gasteiztarrek Kanariako taldearen bisita jasoko dute.
Endesa Ligako fase erregularra amaitzeko lau jardunaldi gelditzen dira, eta lidertzan jarraitzeko asmoarekin, Cazoo Baskoniak Kanaria Handiaren bisita jasoko du igande honetan (18:30). Eurocupeko txapeldun berria, PlayOff-a bermatuta eta dinamika onean iritsiko da norgehiagokara. Partida handia, denboraldi osoan zehar talde arabarraren gotorleku izan den Buesa Arenan.
2º Cazoo Baskonia (25 garaipen eta 5 porrot): Endesa Ligako azken 10 neurketetatik 9 irabazita, momentu onean iritsiko dira lehiara Joan Peñarroyaren gizonak. Etxean indartsu jarraitzeko helburua dute arabarrek, Endesa Liga jokaturiko 15 partidetatik 14 irabazi dituzte Buesa Arenan. Talde indarra gako nagusietako bat izango da Endesa Ligako gorenean mantentzeko.
6º Kanaria Handia (18 garaipen eta 12 porrot): Eurocup-a irabazi ondoren eta Euroleagueko txartela lortu ondoren iritsiko dira norgehiagokara kanariarrak. Pasaden urtarrilaren 22-tik etxetik kanpo partidarik irabazi ez badute ere, Jaka Lakovic-en gizonek denboraldi bikaina egiten ari dira. 14,5-eko bataz besteko balorazioarekin, Nico Brussino da taldeko jokalaririk nabarmenena. Inglis (10,7), Shurna (10,7), Balcerowski (10,2) edota Khalifa Diop, garrantzi handiko jokalariak dira.
79 aldiz neurtu dituzte indarrak bi taldeek eta horietatik 55-tan atera da garaile Cazoo Baskonia. Neurketa zaila, azken bi bisitetan garaipena lortu duen, Kanaria Handiaren aurka. Fase erregularreko etxeko azken-aurreko lehiarako, Buesa Faktoreak garrantzia edukiko du.