Alba Berlinen kantxan galdu dute Joan Peñarroyaren gizonek
Alba Berlinen aurka porrota jaso du Cazoo Baskoniak (84-85). Azken momenturaino borrokatu badute ere, azken segundoetan joan zaie garaipena gasteiztarrei. 19 puntu, 5 errebote, 5 asistentzia eta 24ko balorazioarekin, Pierriá Henry joko antolatzaile estatubatuarra izan da arabarren jokalaririk nabarmenena.
Bi taldeak euren erritmoa ezartzen ahalegindu dira, baina lehen minutuetan parekotasuna izan da nagusi. 10 eta 0eko partzialarekin, etxekoek aurrerapausoa eman dute lehen laurdenaren erdialdean, neurketako lehen abantaila lortuz. Erasoan ondo jokatuz, 27 eta 20ko markagailuarekin amaitu dute lehen hamar minutuak Israel Gonzalezen gizonek. Martxa bat igota, kontrako emaitza iraultzea lortu du Baskoniak atsedenaldirako bost minuturen falta. Gasteiztarren huts egiteak aprobetxatuz, sei puntuko aldearekin iritsi dira alemaniarrak aldageletara (54-48).
Markagailuko aldea murrizten ahalegindu dira arabarrak atsedenalditik bueltan. Lehen zatiko intentsitatea mantenduz, hamar puntuko aldearekin iritsi dira azken laurdenera Berlinekoak (77-67). Ez dira errenditu Joan Peñarroyaren gizonak eta Matt Costelloren hiruko batek aurretik jarri ditu arabarrak. Emozioz beteriko azken segundoetan, galtzaile atera da Baskonia (85-84). 40 egunen ondoren erdiesten duen lehen porrota.
Astea ixteko, etxera itzuliko da Cazoo Baskonia. Igande honetan (18:30) Endesa Ligako erronka berri bati egin beharko dio aurre Valentzia Basketen bisita jasoz. Glow tematikaren barruan, festa handi bat espero da Zurbanoko Pabiloian.