Dusko Ivanovicen gizonek Endesa Ligako hamargarren garaipena erdietsi dute bigarren itzuliko lehen neurketan.
Baskoniak landutako garaipena erdietsi du Baxi Manresaren aurka amaieraraino erabaki ez den lehian. Talde gasteiztarrak izaera erakutsi du azken laurdenean, bigarren itzulko lehen norgehiagoka irabazteko. 20 puntu, 6 errebote eta 27-ko balorazioarekin, Matt Costello izan da baskoniako jokalaririk nabarmenena.
Vanja Marinkovicek estreinatu du markagailua Nou Congosten. Etxekoek partidaren agintea hartu dute eta erreskadan lortutako bost punturekin aurretik jarri dira. Pedro Martinezen gizonen defentsa onak urdin-gorrien saskiraketak galarazi dituzte, lehen laurdena Manresak baino bederatzi puntu gutxiago sartuz. Jaurtiketetan izandako portzentai baxuak aldea murriztea galarazi diete gasteiztarrei. Baskoniak aurrerapausoa eman du erasoko jokoan eta 8 eta 0-ko partzial batekin, neurketa berdintzea lortu du. Talde arabarra puntu bateko abantailarekin iritsi da atsedenaldira (36-37).
Aldageletatik bueltan, Baxi Manresa indartsu sartu da eta 8 eta 0-eko partzial batekin, Dusko Ivanovicen hutsartea eragin du. Orduan Markus Howard ageri da eta bi jokalditan, sei puntu lortu ditu. Neurketa berdinduta jarri da eta azken laurdenera dena erabitzeke sartu da (66-63). Norgehiagokaren intentsitateak gora egin du azken hamar minutuetan. Bi taldeek Endesa Ligako hamargarren garaipena lortu nahi zuten eta guztiarekin sartu dira. Baskoniak erabaki hobeagoak hartu ditu azken minutuetan eta bigarren itzuliko lehen garaipenarekin egin da.
Baskoniak bere hurrengo erronkei begiratzen die. Urdin-gorriak etxera itzuliko dira Belgradera bidaiatu aurretik, non ostegunean (19:00), europako txapelketako beste jardunaldi bat jokatuko dute Izar Gorriaren aurka. Igandean Buesa Arenara itzuliko dira Morabanc Andorraren aurka jokatzeko (17:00).