Jokalari estatubatuarra azken bi urteetan liga italiarreko erreboteatzaile onena izan da.
Laboral Kutxa Baskoniak Oderah Anosike fitxatu du datorren urterako. 1991ko urtarrilaren 3an New Yorken jaiotako eta nigeriar nazionalitatea daukan 2.03 metroko pibota, Baskoniara heldu da Italiako Legako erreboteatzaile onena izanda, Sidigas Avellino taldearekin jokatu zuen txapelketan. Guztira 30 norgehiagoka jokatu zituen 11.15 puntu, 10.9 errebote eta asistentzia 1 izan ziren bere batez bestekoak, guztira 14 bikoitz-bikoitz lortuz bere bigarren denboraldian Italiako Serie A txapelketan, Scavolinirekin 2013-14ean Europan debuta egin ondoren. Baskoniaren pibot berria Sienako Unibertsitatean hezi zen eta NCAA txapelketan bi urtez jarraian erreboteatzaile onena izan zen.
Anosikeren fitxaketarekin, talde gasteiztarrak potentzia fisikoa, intentsitatea eta errebotea bermatzen ditu. Jokalaria abuztuaren 28an hasiko den aurredenboraldira gehituko da beharrezkoa den azterketa medikoa egin behar bait du, ofizialki aurkeztua izan aurretik.