Talde gasteiztarrak gaur goizean ezagutu ditu bere B Multzoko aurkariak.
Urte bete gehiagoz, Laboral Kutxa Baskoniak eta bere jarraitzaileek goi mailako saskibaloi europarraz disfrutatuko dute. Kontinente zaharreko talde garrantzitsuenak Zurbanoko pabilioitik pasako dira txapelketa liluragarri honetan.
Gaur goizean Bartzelonan ospatutako zozketan, Laboral Kutxak Euroleagueko aurkariak ezagutu ditu. Gasteizen ezagunak diren talde eta jokalari ugari izango ditu aurkari Baskoniak. Multzo zail honetan, jarraitzaile baskonistek goi mailako saskibaloi europarraz gozatzeko aukera izango dute.
Laboral Kutxak Olympiacos, Anadolu Efes, EA7 Emporio Armani Milan, Cedevita Zagreb eta Limoges izango ditu aurkari B Multzoan. Sei talde hauetatik lau taldek lortuko dute TOP 16rako sailkapena.
Aurkariak
Olympiacos
Talde greziarra ezaguna da Buesa Arenan. Erraldoi greziarra Gasteizera itzuliko da berriro. Iaz, Baskoniak lau aldiz izan zuen aurkari Olympiacos (bi garaipen eta bi porrot). Azken denboraldietan bezala, talde greziarrak Final Fourra izango du helburu.
Anadolu Efes Istanbul
Iazko Top 16an, Laboral Kutxa eta Anadolu Efes aurrez aurre izan ziren. Buesa Arenan galdu ondoren, Baskoniak garaipena lortu zuen Turkian -Europako pabilioi zailenetako baten alegia-. Izarrez beteriko talde turkiarrak goian egotea izango du helburu aurten.
EA7 Emporio Armani Milan
Talde italiarrak ez zuen titulurik irabazi iaz eta entrenatzaile berria izango du aurten (Jasmin Repesa). Zalantzarik gabe, EA7 oso talde ezaguna da Gasteizen.
Cedevita Zagreb
Liga Adriatikoko finalista izan ondoren, talde kroaziarrak Euroleaguea jokatuko du aurten ere (B Lizentziaz).
Limoges
Frantziar Liga irabazi ondoren sailkatu da Euroleaguera. Aurkari zaila izango da.