Joan Peñarroyaren gizonek, txapelketako 16. garaipena lortu dute Unicajaren aurka
Cazoo Baskoniak luzapen bat behar izan du Unicajari 81 eta 89-ko markagailuarekin irabazteko. Talde arabarrak azken unera arte borrokatu du eta bere 11. garaipena erdietsi du azken 12 partidetan. Une garrantzitsuetan erreakzionatzeko ahalmena izan dute Joan Peñarroyaren gizonek. 5 jokalarik gainditu dute hamar puntuko langa eta guztien gainetik Maik Kotsar nabarmentzen da 13 puntu, 8 errebote eta 20-ko balorazioarekin.
Partidari bikain ekin dio Cazoo Baskoniak eta 2 eta 14-ko partzialarekin, Ibon Navarroren hutsartea eragin du. Prestatzaile gasteiztarrak partida gelditu ondoren, etxekoen susperraldia iritsi da. Defentsan aurrerapausoa emanez, lehen laurdenaren amaierara markagailuan aurretik iristea lortu dute (16-15). Bigarren laurdenaren hasieran erdietsitako 0 eta 5-eko partzialarekin, neurketaren lidergoa lortu dute Joan Peñarroyaren gizonek. Hala eta guztiz ere, Ibon Navarroren mutilek bere horretan jarraitu dute eta atsedenaldira markagailuan aurretik iritsi dira (39-30).
Aldageletatik indartsu itzuli da Unicaja eta aldea 14 puntura eramatea lortu du (50-36). Cazoo Baskoniak ez du amore eman eta erasoko jokoa hobetuz, markagailuan hurbiltzea lortu du hirugarren laurdenaren amaieran (58-51). Arabarrek lehen minutuetako sentsazio onak berreskuratu dituzte eta Darius Thompsonek erdietsitako bi hirukoei esker, markagailuan aurretik jartzea lortu dute (66-69). Azken minutuetan parekotasunak jarraitu du eta 78-ko berdinketarekin, partida luzapenera joan da. Etxekoek baina gehiago asmatuta, 81 eta 89-ko markagailuarekin lortu du garaipena talde arabarrak.
Gasteiztarrak indartsu iritsiko dira hurrengo asteko Errege Kopara. Ostiralean (21:30), Joventut anfitrioiaren aurka neurtuko dituzte indarrak.