Josean Querejetarentzat “pentsaezina” zen duela 35 urte baino gehiago Saski Baskoniaren presidentzia hartu zuenean, Gasteiz eta Araba, Europa osoan Euroleagueko 300 partidak beteko zituzten lau tokien artean egongo zirela pentsatzea. Zifra honetara iristen laugarren estadioa bihurtu da Buesa Arena.
“Mugarria da klubarentzat, lurraldearentzat, hiriarentzat eta 300 partida jokatu ditugun urte hauetan gurekin egon den jende guztiarentzat. Uste dut Euroleaguen partida gehien hartu dituzten lau hirietako bat izatea ospatu behar dugula, eta horrek oso harro sentiarazten gaitu” gaineratu du.
Ia 25 urte dira Buesa Arenan Europako saskibaloi txapelketarik onenaz gozatzen. Horretarako, Querejetak nabarmentzen dituen funtsezko zutabe batzuk daude: “Lan handia egin dugu ekonomia eta kirol mailan haztea ahalbidetu digun egitura on bat lortzeko. Harreman instituzional ona izan dugu eta urte hauetan guztietan lagun izan dugun masa sozial handia izan dugu”.
Bi hamarkada baino gehiagoz, Baskoniak harrotasunez eta etengabe zabaldu du bere lurraldearen izena kontinente zahar osoan.
Josean Querejetak anbizioz eta baikor egiten dio aurre etorkizun hurbilenari. “Azpiegitura ona, masa sozial handia, eta denbora askoko esperientzia metatua dugu. Hobetzeko lanean jarraitu behar dugu, egunetik egunera gero eta proiektu gehiago daudelako lehiaketa bakarrera batu nahi direnak. Daukagun gogo eta anbizio guztiarekin, europako etxeko beste 300 partida bete nahi ditugu Buesa Arenan”.