Partizanen aurkako partidaren atarian, komunikabideen aurrean hitz egin du entrenatzaile katalanak
Asteko Euroleagueko bigarren erronka izango du aurretik Cazoo Baskoniak. Belgradera bidaiatuko du Partizan Mozart Belten kantxan jokatzeko ostiral honetan (20:30). Serbiara joan aurreko azken entrenamenduaren aurretik, komunikabideen galderei erantzun die Joan Peñarroyak.
Marcus Howarden osasun egoeraren berri emanez hasi du prentsaurrekoa arabarren prestatzaileak: “Errekuperazio saio bat egin genuen iristean eta orain zer esaten didaten ikustera noa. Bizkarra minduta du eta zalantza izango da partida jokatzeko”.
Taldearen inguruan galdetuta, honako hau adierazi du Peñarroyak: “Irabazi eta ondo jokatzen denean ospatzeko eta galdu eta hain ondo jokatzen ez denean geure burua zigortzeko denborarik ez dugu. Bi aste daramatzagu astean hiru partida jokatuz eta hori buruan eta maila fisikoan gainean daramagun motxila bat da. Ondo entrenatu, burua garbitu eta partida on bat egitera joan behar gara”.
Partizani loreak bota dizkio prestatzaile katalanak: “Talde oso ona da. Zaleek ematen dieten bultzadarekin, oso zail bihurtzen da bere kantxan irabaztea. Avramovic bezalako jokalariak berreskuratuz, talentu handia dute kanpoko lerroan. Lessort bezalako jokalari fisikoekin, erasorik onena egiten duen taldeetako bat da”.