Armani Milan eta UCAM Murtzia izango dira gasteiztarren hurrengo aurkariak aste honetan.
Pasaden astean Buesa Arenan bi garaipen erdietsi ondoren, Pablo Lasoren gizonek bi erronka berriri egingo diete aurre Gasteizko mugetatik kanpo. Urdin-gorriek Milanera bidaiatuko dute, Armaniren aurka, Europako denboraldiko azken norgehiagoka jokatzeko (osteguna, 20:30). Larunbatean, 20:45etatik aurrera, Murtziako Kirol Jauregia izango da Endesa Ligako hurrengo neurketaren eszenatokia.
Ettore Messinak zuzentzen duen talde italiarrak 16 garaipen batu ditu europako txapelketan, baina jokaturiko azken bost norgehiagoketatik lau galdu ditu. Milan, Baskonia bezala, Play In-a jokatzeko aukerarik gabe iritsiko da azken jardunaldira. 24-25 denboraldia hamahirugarren postuan amaitzeko helburuarekin, etxetik kanpo indartsu izan nahi dute urdin-gorriek.
Larunbatean aldiz, bi taldeek lehia garrantzitsua izango dute Murtzian. UCAM-ek arabarrek baino garaipen bat gutxiago du. Pablo Lasoren mutilek etxeko dinamika ona etxetik kanpoko hurrengo erronketara eraman nahi dute, Endesa Ligako hurrengo kanporaketari begira postuak igotzen jarraitu ahal izateko.
Aste gogorra talde gasteiztarrentzat, Milanen Europako azken lehia jokatuz eta erronka garrantzitsua izanik Murtzian.