Luzapenean erabakitako zirrara handiko partidan, Joan Peñarroyaren gizonek 114 eta 111-ko markagailuarekin hartu dute mendean Anadolu Efes
Buesa Arenako berotasunean, garaipen garrantzitsua erdietsi du Cazoo Baskoniak Euroleagueko egungo txapeldunaren aurka. Lehia bizi baten ondoren, luzapenean erabaki da neurketa. Matt Costello, 33 punturekin eta Darius Thompson, 16 asistentziekin, 30 puntuko balorazioa gainditu dute. Honez gain, Rokas Giedraitisek bere errebote errekorra ondu du 18 aldaratzerekin.
Partida hasiera intentsitate eta erritmo handikoa izan da. 6 eta 0-ko partzialarekin, neurketako lehen aldeak lortu dituzte Joan Peñarroyaren gizonek. Turkiarrak suspertu eta norgehiagoka berdintzea lortu dute. Erasoan asko asmatu dute bi taldeek eta lehen laurdenaren amaierara parekotasun handiarekin iritsi da (29-28). Lehen minutuetako gidoia mantendu da bigarren laurdenean. Bisitariek erdietsitako bi hirukoei esker, markagailuan aurretik iristea lortu dute atsedenaldira (48-51).
Erasoko jokoan aurrerapausoa emanez, Ergin Atamanen gizonek beraien aldeko aldea handitzea lortu dute. Joan Peñarroyak eskatutako hutsartearen ondoren iritsi da etxekoen susperraldia eta hiruko jaurtiketetan asmatuz, norgehiagoka berdintzea lortu dute. Hirugarren laurdenaren amaieran Turkiarrek erdietsitako hainbat saskiratzeren ondoren, azken hamar minutuetara zazpi puntuko aldearekin iritsi dira (70-77).
Cazoo Baskonia ez da errenditu eta 7 eta 2-ko partzialarekin partidaren lehian sartu da. Zirrara handiko azken segundoetan, luzapena behartu dute Joan Peñarroyaren gizonek (98-98). Bere indar eta talentu guztia aterata, garaipen garrantzitsua erdietsi du talde arabarrak (114-111).
Endesa Ligako hurrengo jardunaldia ate joka du Baskoniak. Astea ixteko, Murtziara bidaiatuko dute gasteiztarrek, Sito Alonsok zuzentzen duen taldeari bisita egiteko (Igandea, 17:00). Lehen itzuli on baten ostean, modurik hoberenean hasi nahi dute bigarrena.