Ilimane Diop izan da taldeko ‘rookie’a aurten. Senegaldarrak minutu ugari izan ditu bai Ligan eta bai Euroleaguen. Esperientza hau oso garrantzitsua da berarentzat, “nigan izan duten konfiantza asko eskertzen dut. Gazteengan konfiantza izatea zaila da”.
Harrobiko jokalariak aldageletan izan duen ‘benjamin’ esperientzia azaldu du. “Aurten ‘rookie’a izatea tokatu zait, baina oso ondo pasatu dut. Aldageletan askotan jo didate adarra, hori bai beti saskibaloiaz kanpoko gauzez. Adibidez, garai baten egunero galdetzen zidaten gidabaimenaren inguruan. Dena dela, urte bikain pasatu dut” azaldu du Diopek.
Bere urteko balantze pertsonala ona izan da, “oso pozik nago. Ezagututako jende guztiari eskerrak eman nahi dizkiot. Honetaz gain, asko eskertzen ditut jokatutako minutu guztiak” adierazi du pibot senegaldarrak.
19 urte izanda Ilimanek bere idoloekin jokatzeko aukera izan du eta azaldu digunez “pozik nago egindako lanaz. Chapu edo Fernando bezalako jokalariekin entrenatzea eta jokatzea itzela da. Asko ikasi dut. Halako jokalariekin egunero hobetzen duzu eta pribilegio hau asko baloratzen dut. Asko lagundu didate eta jende izugarria da”.
Azken urtean bizi izandako guztia azaltzeko, Diopek esker oneko hitzak ditu soilik. “Entrenatzaileari eskerrak eman nahi dizkiot. Gazteengan konfiantza izatea ez da erraza eta berak minutu asko eman dizkit. Datorren urtean askoz hobeto jokatu nahi dut. Aurten taldekideen lesioengatik jokatu dut batik bat, baina oso pozik nago egindako lanaz” adierazi du.
Lana eta konstantzia dira jokalari gaztearen bertute garrantzitsuenetakoak. “Hobetzen saiatzen naiz egunero. Gauza onekin geratzen naiz eta txarrak alde batera uzten ditut. Aurten jokoa hobeto irakurtzen ikasi dut. Nire rola zein zen argi nuen eta, besteak beste, entrenamendu guztiak ikasteko balio dutela ikasi dut”, azaldu du.
Ilimane beste lau harrobiko jokalarirekin bizi da, “Laurok anaiak gara. Oso tipo jatorrak dira, fisiko ona dute, talentu handia eta etorkizun itxaropentsua. Lanean jarraitu dezaten esaten diet. Ia haiek ere zortea duten. Gora iristen jakin behar da, baina zailena mantentzen jakitea da. Hobetzeko helburuaz, egunero egiten dut gogor lan”.