2023ko lehen partidan, Coviran Granadari irabazi dio talde arabarrak
Joan Peñarroyaren gizonek garaipen garrantzitsua erdietsi dute andaluziako lurretan. Badalonan jokatuko den Errege Koparako txartela zuten jokoan gasteiztarrek eta helburua bete egin dute. Markus Howarden puntuek (32) eta Dani Diez (12 puntu, 7 errebote eta 20ko balorazioa) eta Matt Costelloren (14 puntu eta 22ko balorazioa) lanak urrea balio izan dute.
Erasoan kamuts hasi dira bi taldeak eta parekotasuna nagusitu da lehen minutuetan. Zaleei garaipena eskaintzeko asmoarekin, neurketako lehen abantaila lortu du etxeko taldeak. Bere jokoa eginez, markagailua iraultzea lortu du Baskoniak eta 20 eta 25eko markagailuarekin iritsi da lehen laurdenaren amaierara. Andaluziarrak aurretik jarri badira ere, arabarrak hiru puntuko abantailarekin heldu dira atsedenaldira (38-41).
Indartsu atera dira aldageletatik etxekoak eta markagailuan aurretik jartzea lortu dute. Hirugarren laurdenean 30 puntu erdietsita, erasoan martxa bat gehiago jarri du Joan Peñarroyaren taldeak, azken hamar minutuetara hamahiru puntuko aldearekin iritsiz (58-71). Etxekoak aldea murrizten ahalegindu badira ere, ondo kudeatu du bere errenta Cazoo Baskoniak.
Errege Koparako txartela eskuratuta, Euroleagueko beste erronka bat izango dute aurretik Joan Peñarroyaren gizonek. Ostegun honetan (19:00) alemanian jokatuko dute, Alba Berlin taldearen aurka. Astea etxean amaituko du Baskoniak, Valentziaren bisita jasoz igandean (18:30). Glow gaiarekin atondutako ikuskizuna espero da Buesa Arenan.