Joan Peñarroyaren gizonek talde frantziarrari irabazi diote eta beste urrats bat eman dute Kaunas Planean.
Zaleen aurrean, fase erregularreko etxeko azken garaipena lortu du Cazoo Baskoniak. LDLC ASVEL-i 120 eta 100-eko markagailuarekin irabazi ostean, talde arabarrak bere eskura du PlayOff-ean sartzea. Denboraldi osoan zortzi talderik onenen artean egon ondoren, denboraldi erregular honetako azken partida jokatuko du hurrengo astean Cazoo Baskoniak Olinpiakosen aurka. Talde joko bikaina erakutsiz, bost jokalarik gainditu dute hamar puntuko balorazioa. 23 puntu, 12 asistentzia eta 36-ko balorazioarekin, Darius Thompson izan da norgehiagokako jokalaririk nabarmenena.
Partida hasiera oso parekatua izan da eta talde arabarrak neurketako lehen abantailak lortu ditu (12-9). Cazoo Baskonia nagusitzen joan da eta lehen laurdena amaitzeko hiru minuturen faltan bederatzi puntuko aldea lortu du. Tj Parkerrek zuzentzen duen taldea diferentzia murrizten ahalegindu bada ere, lehen laurdenaren amaierara 32 eta 24-ko markagailuarekin iritsi da. Bigarren laurdenean, ASVEL suspertu egin da eta pixkanaka-pixkanaka aldea murriztu joan da (38-36). Erasoko jokoan aurrerapausoa emanez, Joan Peñarroyaren gizonek 7 eta 0-ko partziala lortu dute. Atsedenaldira aurretik iritsi da talde arabarra (55-51).
Aldageletatik indartsu atera dira gasteiztarrak eta 11 eta 3-ko partzialarekin, partidaren agintea lortu dute (66-54). Baskoniak presioari eusten jakin dio eta azken laurdenera 88 eta 75-eko markagailuarekin iritsi da. Tj Parkerren mutilek ezin izan dute neurketan sartzerik lortu eta etxekoak aldea handitzen joan dira. Azkenean, Cazoo Baskoniak 120 eta 100-eko markagailuarekin irabazi dio ASVEL-i, Euroleagueko partida bateko saskiratze errekor berria ezarriz.
Cazoo Baskoniak fase erregularreko azken erronkari begiratzen dio. Hurrengo ostegunean (20.00) eta Olinpiakosen etxean, Euroleagueko PlayOff-etan sartzeko garaipena bilatuko dute Joan Peñarroyaren gizonek.