Joan Peñarroyaren gizonek garaipen garrantzitsua lortu dute talde alemaniarraren aurka.
Baskoniak neurketa handia jokatu du denboraldiko europako lehen garaipena lortzeko (86-91). Tadas Sedekerskis kapitainaren gidaritzapean, urdin-gorriek norgehiagokaren agintea eraman dute. 11 puntu, 13 errebote eta 21-eko balorazioarekin, Sedekerkis bera izan da neurketako jokalaririk nabarmenena.
Hasiera trabatua Mercedes Benz Arenan. Bi taldeen hutsegiteak saskiraketak galarazi dituzte lehen bi minutuetan. Erreskadan bost puntu lortuta, Codi Miller-McIntyrek partidako lehen abantailak eman dizkio baskoniari. Erasoko intentsitatea igo egin da eta markagailua berdindu egin da. Baskoniak, gehiago asmatuta, aurretik amaitu du lehen laurdena (21-25). Diferentzia handitzeko asmoarekin atera dira gasteiztarrak bigarren laurdenean. Alemaniarren intentsitateak aldea murriztea ekarri du, baina beraien kartak hobeto jokatu ondoren, atsedenaldira aurretik iritsi dira Joan Peñarroyaren gizonak (47-51).
Aldageletatik bueltan, talde gasteiztarra indartsu atera da eta 9 eta 2-ko partzial batekin, beraren aldeko diferentziarik handiena ezarri du (49-60). Baskoniak bere erritmoa ezarri du eta azken laurdenera abantaila eraso batekin iritsi da (61-75). Alemaniarren erantzuna 7 eta 0-eko partzial batekin iritsi da. Israel Gonzalezen gizonak markagailuan hurbildu egin dira, baina Baskoniak, partidaren agintea berreskuratuz, garaipena lortu du Berlinen.
Baskoniak merezitako garaipena lortu du ALBA Berlinen aurka. Talde gasteiztarrak Euroleagueko lehen garaipena lortu du Zaragozara joan baino lehen, Casademont Zaragozaren aurka (Igandea, 17:00), Endesa Ligako jardunaldi berri bati aurre egiteko.