Endesa Ligako 24. garaipena lortuta, sailkapeneko gorenean jarraitzen dute Joan Peñarroyaren gizonek.
Carplus Fuenlabradari 93 eta 112-ko markagailuarekin irabazi ostean, Endesa Ligan garaipen berri bat eskuratu du Cazoo Baskoniak. Taldeak inoiz partida batean lortu dituen hiruko saskiraketak (19) berdinduz, denboraldian bederatzigarrenez gainditu du 100 puntuko langa. Talde joko ona erakutsiz, Joan Peñarroyaren gizonek lidertza defendatu dute. 26 puntu eta 21-eko balorazioarekin, Markus Howard izan da taldeko jokalaririk nabarmenena.
Talde gasteiztarrak partida hasiera aparta izan du. Lehen minutuetan 4 eta 15-eko partziala lortuz, Oscar Quintanaren hutsartea eragin du. Fuenlabradak bere erasoko jokoa hobetu badu ere, arabarrak 14 puntuko aldearekin iritsi dira lehen laurdenaren amaierara (18-32). Etxekoak diferentzia murrizten ahalegindu dira, baina hiruko jaurtiketak asmatuz, 18 puntuko aldea lortu du Cazoo Baskoniak atsedenaldirako lau minuturen faltan. Lehen zatia 41 eta 55-eko markagailuarekin amaitu da.
Lehen zatiko intentsitatea mantentzeko helburuarekin atera dira kantxara arabarrak, baina erasoan hainbat huts egin ondoren, Fuenlabrada markagailuan gerturatu egin da (51-59). Joan Peñarroyak hutsartea eskatu badu ere, etxekoak aldea murrizten joan dira eta puntu batera kokatu dira (59-60). Sentsazio onak berreskuratuz, berriz ere alde egitea lortu dute gasteiztarrek eta azken laurdenera begira, errenta politarekin iritsi dira (63-75). Azken minutuetan distantzia mantentzeko gai izan dira arabarrak. Azkenean, 93 eta 112-ko markagailuarekin irabazi du Cazoo Baskoniak.
Emaitza honekin, sailkapeneko lidertzan jarraitzen du talde gasteiztarrak.