Joan Peñarroyaren gizonek izaera erakutsi dute turkiarren aurka garaipena eskuratzeko
52 eta 20-ko amaierako partzial batekin, markagailua irauli eta Kaunas Planarekin aurrera jarraitzeko garaipen garrantzitsua lortu dute gasteiztarrek. Ia menderaezinak diren Buesa Arenan, asteko bigarren erdietsi dute Joan Peñarroyaren gizonek. Europako txapelketako bere 100. partidan, orain arteko neurketarik onena jokatu du Vanja Marinkovicek, 35 puntu eta 29-ko balorazioa lortuz.
Hasierako minutuak parekotasun handikoak izan dira eta 10 eta 7-ko partzialarekin, norgehiagokako lehen abantailak lortu ditu Cazoo Baskoniak. Intentsitatea handituz joan da eta lehen laurdena amaitzeko hiru minuturen faltan, markagailua berdindurik zegoen (17-17). Talde arabarrak ezin izan du markagailuan aurretik mantendu eta lehen laurdena bi puntuko galerarekin amaitu du (25-27). Turkiarren defentsak, etxekoen saskiraketak galarazi ditu eta horrek Joan Peñarroyaren hutsartea eragin du. Geldialdiaren ondoren, gasteiztarrek atzetik jarraitu dute eta atsedenaldira sei puntuko desabantailarekin iritsi dira (38-44).
Aldageletatik bueltan, erasoan hutsak egiten jarraitu dute Joan Peñarroyaren gizonek. Intentsitatea handituz joan da eta defentsan aurrerapausoa emanez, lau puntura hurbiltzea lortu du talde arabarrak. Aldeko partzial batekin, azken laurdenera markagailuan aurretik iritsi dira gasteiztarrak (60-58). Cazoo Baskoniak aurretik jarraitu du eta talde lan bikainarekin, aldea 12 puntura eraman du partida amaitzeko lau minuturen faltan (78-66). 52 eta 20-ko azken partzial batekin, garaipen bikaina lortu du talde arabarrak (92-69).
Emaitza honekin, Kaunas Planak aurrera jarraitzen du. Astea Endesa Ligako jardunaldi berri batekin itxiko du Cazoo Baskoniak. Igandean (20:00), Valentzia bisitatuko du txapelketako lidertzan jarraitzeko asmoarekin.