Laboral Kutxa Baskoniak Endesa Ligako talde indartsuenetako batekin zabalduko du denboraldia. Neurketa hau saskibaloi nazionaleko klasikoetako baten bihurtu da.
Marko ezin hobe baten, Gasteizko Escoriaza-Esquivel Jauregian, ospatu da gaur eguerdian Endesa Superkoparen zozketa. Txapelketa iraileko azken asteburuan ospatuko da Buesa Arenan.
Miguel Ascenzo kazetariak aurkeztu du ekitaldia. Bertan autoritate ugari egoteaz gain, talde bakoitzeko ordezkariak izan dira eta denboraldiko lehen txapelketaren lehen kanporaketak ezagutu ditugu.
Javier Maroto (Gasteizeko alkatea), Javier de Andres (Arabako Diputatu Nagusia), Juan Ignacio Motiloa (Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordea), Francisco Roca (ACB-ko Presidente Exekutiboa), Joan Creus (FC Bartzelonaren izenean), Josean Querejeta (Saski Baskoniako Presidentea), Emiliano Rodriguez (Real Madrilen izenean) eta Victor Luengo (Valentzia Basketen izenean) izan dira bertan besteak beste.
Ebentuaren hasiera Gasteizen Hiriburutza Gastronomikoarekin egon da erlazionatua. Lehenik eta behin, Javier Maroto alkateak hiriaren indarguneak azaldu ditu, “gastronomia eta kirola dira gasteiztarron bi esentzia garrantzitsuenetakoak. Aurten ere, gure hiriak saskibaloi denboraldia zabalduko du eta oso harro sentitu gaitezke”. “Buesa Arenan irailak 26 eta 27an ospatuko den ebentuak osagai guztiak dauzka. FC Bartzelona, Baskonia, Real Madril eta Valentzia Basket. Txapelketa bikaina izango da, ez dugu zalantzarik” adierazi du Francisco Rocak, ACB-ko Presidente Exekutiboak.
Javier de Andresek -Arabako Diputatu Nagusia- hurrengo hau adierazi du: “lurralde hau saskibaloi-lurralde bihurtu da. Saskibaloiaren sinonimoa da Araba eta bertan saskibaloia arnasten da”. Gainera, “Endesa Superkopa bertan ospatu zedin, instituzio guztiak eskutik joan gara” adierazi du diputatu nagusiak. Azkenik, Juan Ignacio Motiloak hitz egin du (Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordea).
Ondoren, Iñaki Moyak eta Patxi Eceizak Endesa Superkoparen zozketa burutu dute. Gauzak horrela, Real Madrilek eta Valentzia Basketek jokatuko dute lehen kanporaketa. Bigarren final erdia aldiz, FC Bartzelonak eta Laboral Kutxa Baskoniak jokatuko dute.
Aurkaria: FC Bartzelona
Iazko final erdietan bezala, Baskonia eta Bartzelona aurrez aurre izango dira beste behin. Xavi Pascualen taldea da Endesa Ligako txapelduna. Gainera, Tibor Pleiss baskonista ohiak lehen aldiz bisitatuko du Buesa Arena elastiko blaugranarekin.
Aurten ere talde kataluniarrak titulu guztiengatik borrokatuko du. FC Bartzelonak Doellman, Satoransky, Hakanson eta Sulejmanovic fitxatu ditu besteak beste.
Balorazioak
Josean Querejetak zozketa baloratu du. “Iazko Superkopan bezala, FC Bartzelona izango dugu aurkari. Partidu hau oso goiz dator denontzat. Gure kasuan hamabost egunetan jokatzen dugula ikusita, oraindik talde erdia falta zaigu. Oso txapelketa garrantzitsua da eta denboraldia maila onean hasi behar dugula kontuan izanda, Superkopak garrantzi handia izan dezake. Aurtengoa ezin daiteke iazko urtea bezalakoa izan” adierazi du Querejetak. Saski Baskoniako Presidenteak hurrengo hau gehitu du: “handiekin lehiatzea gero eta zailagoa da haien aurrekontuak oso altuak baitira. Gure aurtengo apustua desberdina da. Hori dela eta, perspektiba fisiko desberdina dugu. Pertsonalki, taldea asko gustatzen zait eta lehiatzeko gai garela uste dut”.
Aurkariari dagokionez, Joan Creus izan da FC Bartzelonaren ordezkaria. “Egoera errepikatu egingo da. Leku berdina, talde berdinak, baina jokalari desberdinak. Superkopa oso garaiz jokatzen da eta taldeok oso denbora gutxi dugu txapelketa prestatzeko. Fitxaketa onak egin ditugu eta onenen artean egoten jarraitu nahi dugu”. “Aurtengo Baskonia desberdina izango da. Jokalari beteranoak eta gazteak ditu eta oso talde lehiakorra izango da. Gainera, Buesa Arena oso kantxa zaila izango da aurkarientzat. Talde gutxik irabaziko dute bertan eta Superkopan egoera hau ikuskatu ahalko dugu” adierazi du Creusek Baskoniaren inguruan.
Bi neurketa hauek irailak 26an -ostirala- jokatuko dira. Ordutegia oraindik ez dago itxita. Finala berriz, 27an jokatuko da (larunbata). Egunean bertan, Platano de Canariasek babestutako Hirukoen Txapelketa ospatuko da.