Euroleagueko denboraldian puntu eta hiruko gehien erdietsi dituen taldea izan da Cazoo Baskonia.
33 jardunaldiz PlayOff-etako postuetan mantendu ondoren, Euroleagueko denboraldia nahi baino lehenago amaitu du Cazoo Baskoniak. Estilo propio batekin, Joan Peñarroyaren gizonek 18 garaipen lortu dituzte.
Talderik dibertigarrienetakoa
Talde arabarrak ikuskizuna eman du kantxan. Euroleagueko denboraldian puntu (86,7) eta hiruko (Partidako 10 baino gehiago) gehien erdietsi dituen taldea izan da Cazoo Baskonia.
Bost norgehiagokatan 100 puntuko langa gaindituta, zale gasteiztarrek gozatu egin dute taldeak erakutsi duen jokoarekin. Asvel Villeurbanneren aurka 120 puntu lortuz, klubeko errekor berria ezarri zuten Joan Peñarroyaren gizonek.
Eskuzabaltasuna ere gailendu da talde honetan. Partidako, bataz beste, 19,7 saskiraketa pase emanda, asistentzia gehien eman dituen hirugarren taldea izan da Baskonia. Asvelen aurka lortutako 33 asistentziekin, taldeak Euroleaguen inoiz emandako saskiraketa pase kopurua gainditu zuen.
Talde bat izen propioekin
Txapelketan debuta egin duen Darius Thompsonek partida handiak utzi ditu. Horrek, birritan jardunaldiko jokalari onena izatera eraman du. Asistentzia sailkapenaren lidertzan (6,7) eta balorazioko sailkapenean seigarren postuan (17,1) amaitu du denboraldia joko-antolatzaile estatubatuarrak. Anadolu Efesen aurka 16 asistentzia banatu ondoren, klubeko errekor berria ezarri zuen Dariusek.
Euroleagueko beste izen propio bat Markus Howardena izan da. 33 norgehiagokatan 14,2 puntu lortuz, gau magiko ugari utzi ditu hegaleko estatubatuarrak. Europa osoko hiruko egilerik onena izan da, partidako 2,7 eginez eta 30 neurketetan lortu du gutxienez hiruko bat sartzea.
Europako Txapelketarik onenean debuta egin duen urtean, arrastoa utzi du Maik Kotsarrek. Pibot estoniarrak, birritan lortu du jardunaldiko jokalaririk onenaren saria. 9,3 puntu, 4,3 errebote eta 13,3-ko balorazioa lortu du bere lehen 34 norgehiagoketan.
13,5-eko bataz besteko balorazioa lortu duen Rokas Giedraitisek, erreboteen sailkapenean zazpigarren postuan amaitu du. Fenerbahceren aurkako garaipenean 35 puntu lortuz, historiarako partida egin zuen Vanja Marinkovicek. Taponatzaileen sailkapenean zazpigarren postuan amaituta, taldeko beste izen propio bat izan da Matt Costello.
Argi eta garbi, Baskonia zaleen memorian geldituko den denboraldia izan da.