Zalgirisen aurka, Europako 700. neurketa jokatuko du Cazoo Baskoniak
Talde arabarra zorioneko da. Ostiral honetan, Zalgirio Arenan, Europako 700. partida jokatuko du. Horietatik 575, Euroleagueko norgehiagokak izan dira, txapelketa honen historian zehar partida gehien jokatu dituen hirugarren taldea bihurtuz. Soilik FC Bartzelonak (594) eta Olympiakosek (580) dituzte neurketa gehiago jokatuta.
1985. urteko urriaren 5ean jokatu zuen Europako lehen norgehiagoka. Taugres izenarekin, Holandako Super Crack´s taldearen aurka neurtu zituen indarrak. Werkendam herrian jokaturiko neurketan, 73 eta 88-ko markagailuarekin atera ziren garaile gasteiztarrak. Geroztik, 33 denboraldi daramatza Europako txapelketak jokatzen (5 denboraldi Kopa Korac-en, 3 denboraldi Errekopan, denboraldi 1 Saportan eta 24 denboraldi Euroleaguen).
1996an anfitrioi gisa Europako Errekopako lehen txapeldun titulua lortu baino lehenagoko Laussaneko eta Istanbulgo finaletatik hasita, bide arrakastatsua egin du Europan talde gasteiztarrak. Euroleague hasi zenetik eta 2001eko Boloniako Kinderren aurka jokatutako lehen finala ahaztu gabe, bost Lauko Final (2005-2006-2007-2008-2016) jokatu ditu Saski Baskoniak.
Ibilbide distiratsu eta luzean, Europa mailako talde erreferenteetako bat izateko borrokan jarraitzen du beste denboraldi batez Baskoniak. Aurreko 699 partidetan, 400 garaipen, 297 porrot eta bi berdinketa izan ditu, garaipenen batez besteko %57,22koa izanik.
Zalgirisen aurka eta Euroleagueko 14. garaipena lortzeko helburuarekin, Europako 700. neurketa jokatuko dute Joan Peñarroyaren gizonek.