Real Madrilen aurka, etxetik kanpoko sentsazio onak berreskuratzen ahaleginduko da.
Euroleagueko fase erregularra amaitzeko zortzi jardunaldi gelditzen dira. Jardunaldi bikoitzeko azken-aurreko astean, Cazoo Baskoniak Real Madrili egingo dio bisita astearte honetan (20:45h). Wizink Center pabiloiak bi taldeen arteko denboraldiko hirugarren neurketa hartuko du. Lehenengo biak, Buesa Arenan jokaturikoak, talde arabarraren alde atera ziren.
1º Real Madril (18 garaipen eta 7 porrot): Txapelketako azken bost partidak irabaztetik iritsiko dira norgehiagokara Chus Mateoren gizonak. Pasaden urtarrilaren 20an Olinpiakosen aurka galdu zuen azkenekoz talde zuriak. Etxean galdu zuen azken norgehiagoka berriz, pasaden abenduaren 8an izan zen. Orkatilan zaintiratua duelarik, Walter Tavares zalantza izango da. 16,7-ko balorazioarekin, pibota da taldeko jokalaririk baloratuena. Dzanan Musa, 15,7-ko balorazioarekin eta Gabi Deck, 16,2-ko balorazioarekin, izarrez beteriko talde indartsua osatzen dute.
7º Cazoo Baskonia (14 garaipen eta 12 porrot): Valentziaren aurka garaipen garrantzitsua erdietsi ondoren iritsiko dira neurketara arabarrak. Etxetik kanpoko dinamika aldatu eta Play Off-etako postuetan mantentzeko balioko dion txapelketako 15. garaipena lortzen ahaleginduko dira Joan Peñarroyaren gizonak. Jokaturiko azken bost partidetan bataz beste 15,4 puntu, 6,4 errebote eta 20-ko balorazioa eginez, Rokas Giedraitis kapitaina momentu onean iritsiko da.
15 aldiz neurtu dituzte indarrak Euroleaguen bi taldeek eta horietatik zortzitan atera da garaile Cazoo Baskonia. Denboraldi honetan zurien aurkako bi partidak irabazi ondoren, etxetik kanpo balentria errepikatzen ahaleginduko da.