Asteko Europako bigarren neurketan, Joan Peñarroyaren taldeak Panathinaikos hartu du mendean
Garaipen sendoa erdietsi du Cazoo Baskoniak Panathinaikosen aurka. Lehen zatian, markagailuan aldentzea lortu ondoren, zaleen aurrean irabaztea lortu du talde arabarrak. Sei jokalarik hamar puntuko balorazioa gainditu dute eta guztien artean Markus Howard nabarmendu da. 24 puntu, 3 errebote, 2 asistentzia eta 18-ko balorazioarekin, gasteiztarren jokalaririk garrantzitsuena izan da hegaleko estatubatuarra.
Etxekoek partida hasiera zaila izan dute. Erasoko jokoan erritmoa topatu gabe, neurketako lehen aldeak lortu ditu talde greziarrak. 11 eta 0-ko partzialarekin, norgehiagokan sartzea lortu dute Joan Peñarroyaren gizonek (21-23). Beraiei gehien komeni zitzaien erritmoa ezarriz, markagailuan aurretik jartzea lortu dute etxekoek. Erasoan zein defentsan joko ona erakutsiz, alde politarekin iritsi da atsedenaldira Cazoo Baskonia (52-38).
Aldageletatik bueltan, aldea 20 puntuetaraino eraman dute arabarrek (60-40). Panathinaikos baina, suspertu egin da, markagailuan hurbilduz eta Joan Peñarroyaren hutsartea eraginez. Beraien aldeko abantaila ondo kudeatuta, 11 puntuko aldearekin iritsi dira azken laurdenera etxekoak (76-65). Greziarrak, markagailuan gehiago hurbiltzeko gai izan dira baina erasoan joko sendoa erakutsiz, Euroleagueko 13. garaipena erdiestea lortu du Cazoo Baskoniak (95-90).
Atsedenerako denborarik gabe, bere hurrengo erronkari begiratzen dio talde arabarrak. Igande honetan (17:00), Endesa Ligako jardunaldi berri bat jokatuko dute Casademont Zaragozaren bisita jasoz.