Urdin-gorriek Europako garaipen berri bat bilatuko dute zaleen babesean.
Hiru asteren ondoren, saskibaloia Buesa Arenara itzuliko da Zalgirisen (osteguna, 20:30) aurkako intentsitate handiko neurketarekin. Etxean jokaturiko azken 5 norgehiagoketan garaipena lortuta, Pablo Lasoren gizonek indartsu jarraitu nahi dute tenplu urdin-gorrian. Baskoniak garaipena lortu zuen joaneko partidan (70-83) eta bihar emaitza berdina errepikatzen ahaleginduko da.
14. Baskonia (11 garaipen eta 16 porrot): Zalgiris bezalako aurkari zuzen baten aurka, Baskoniak Europan batzen jarraitu nahi du play in-eko postuen borrokan mantentzeko. Talde urdin-gorriak txapelketako 12. garaipena erdietsi nahi du. Horretarako errebotean nagusitzen saiatuko da, Europako talderik onena izanik atal honetan (neurketako 36,4 aldaratze hartuz). 14.9 puntu, 6.5 errebote eta 19.8-ko balorazioarekin, Chima Moneke da txapelketa osoko zazpigarren jokalaririk baloratuena.
13. Zalgiris (13 garaipen eta 14 porrot): Azken jardunaldian Izar Gorria menderatuta, Baskoniari bi garaipen ateraz, iritsiko da Buesa Arenara Andrea Trinchierik zuzentzen duen taldea. Zalgiris da hiruko gehien erdiesten dituen hirugarren taldea (neurketako 10.3), Sylvain Francisco buruan izanik 2.4 hirukorekin. Entrenatzaile italiarrak Isaiah Wong eta Matt Mitchell berreskuratuko ditu, azken jardunaldiak jokatu ez dituen Lukas Lekaviciusen zalantza edukirik.
Bi taldeen arteko 32. norgehiagoka izango da, garaipenen balantzea Baskoniaren aldekoa izanik 17-rekin. Ostegun honetan, 20:30etatik aurrera, eta zaleen babesarekin, urdin-gorriak EuroLeague-ko garaipen berri bat lortzen ahaleginduko dira.