Cazoo Baskoniak 100 eta 78-ko markagailuarekin irabazi dio Bilbao Basketi
Norgehiagoka osoan nagusi izanez, Joan Peñarroyaren gizonek garaipen bikaina lortu dute. Emaitza honekin, txapelketako lidertzan mantentzen da Cazoo Baskonia. Bost jokalarik gainditu dute hamar puntuko balorazioa. 15 puntu, 7 errebote eta 27-ko balorazioarekin, Maik Kotsar izan da taldeko jokalaririk nabarmenena.
Partidako lehen saskiraketak Bilbao Basketek lortu baditu ere, Joan Peñarroyaren gizonek berehala erantzun dute eta lehen laurdenaren erdira bost puntuko errentarekin iritsi dira (11-6). Erasoko jokoan erakutsitako intentsitateak, lehen laurdena aurretik amaitzea ekarri dio talde arabarrari (24-17). 5 eta 0-eko partzialarekin, Cazoo Baskoniak aldea handitzea lortu du bigarren laurdenaren hasieran. Defentsan egindako lan onak Bilbao Basketen saskiraketak galarazi eta 16 puntuko aldea eman dio atsedenaldirako lau minuturen faltan (41-25). Bilbao Basketek jaurtiketetan izandako portzentai baxua aprobetxatuz, 24 puntuko aldearekin iritsi da talde arabarra atsedenaldira (51-27).
Aldageletatik bueltan indarberrituta atera da talde bizkaitarra eta 2 eta 11-ko partzial batekin aldea murriztea lortu du. Erasoan erakutsitako maila onak baina, berriz ere 24 puntuko aldea eman dio Cazoo Baskoniari. Azken laurdenera 78 eta 52-ko markagailuarekin iritsi da. Erasoko jokoa hobetu badute ere, Bilbotarrek ezin izan dute partidan sartzerik lortu. Pavel Savkovek Baskoniaren kamisetarekin lortutako lehen puntuek behin betiko 100 eta 78-koa utzi dute.
Endesa Ligako lidertza mantenduz, astea modurik hoberenean itxi du Cazoo Baskoniak. Joan Peñarroyaren gizonek Euroleaguen izango duten erronka bikoitzean pentsatzen ari dira.