88 eta 95-eko markagailuarekin, Joan Peñarroyaren gizonek garaipen berri bat lortu dute Real Madrilen aurka
Talde zuria menderatuta, garaipen handia erdietsi du Cazoo Baskoniak. Chus Mateoren gizonen aurka denboraldiko laugarren partida irabazita, txapelketako lidertzan kokatu dira arabarrak. Amaieraraino borrokatuta, WiZink Centerren garaipen berri bat erdietsi dute Joan Peñarroyaren gizonek. 16 puntu, 2 errebote eta 19-ko balorazioarekin, Max Heidegger izan da taldeko jokalaririk nabarmenena.
Joan Peñarroyaren gizonak markagailuan aurretik jarri badira ere, talde zuriak aurrerapausoa eman du 9 eta 0-ko partzialarekin (11-5). Etxekoek errenta handitu eta diferentzia 15 puntura eraman dute lehen laurdena amaitzeko bi minuturen faltan. Joanek aulkia mugitu badu ere, lehen laurdena 27 eta 15-eko markagailuarekin amaitu da. 2 eta 7-ko partzialarekin, talde arabarrak kontrako aldea murriztea lortu du. Erasoko hainbat huts egiteren ondorioz, Chus Mateorenek abantaila handitu egin dute bigarren laurdenaren erdialdean (40-28). Defentsan aurrerapausoa emanez, Baskoniak Madrildarren saskiraketak galarazi ditu eta atsedenaldira sei puntuko desabantailarekin iritsi da (45-39).
Gasteiztarrak indartsu atera dira aldageletatik eta 0 eta 5-eko partzialarekin, puntu bakarrera jarri dira. Real Madrilek erasoan izan dituen baloi galtzeen ondorioz, markagailuan aurretik jarri dira Joan Peñarroyaren gizonak (49-54). Hirugarren laurdena amaitzeko lau minuturen faltan, momentu horretarainoko norgehiagokako alderik handiena (+7) lortu du Cazoo Baskoniak. Etxekoak suspertu egin dira eta azken laurdenera 69 eta 70-eko markagailuarekin iritsi da. Arabarrek aurrerapausoa eman eta aldea zortzi puntura eramatea lortu dute. Chus Mateoren gizonak partidan sartuta jarraitu dute eta hiru minuturen faltan puntu bakarrera jarri dira (86-85). Cazoo Baskoniak, amaieraraino borrokatuz, Madrildarren aurkako denboraldiko laugarren garaipena lortu du (88-95).
Astea, Endesa Ligako lider moduan amaitu du talde arabarrak.