Datorren astean, Laboral Kutxa Baskoniak Malagako Unicajaren aurka debutatuko du Buesa Arenan.
Estatu eta Europa mailako saskibaloi onena bueltan da Buesa Arenan. Denboraldi berriak hainbat partidu interesgarrirekin emango du hasiera urrian.
Datorren astean Bartzelonan debutatu eta gero, Malagako Unicaja izango da Zurbanoko kantxa bistatuko duen lehen aurkaria. Aurten ere, goian lehiatzeko taldea osatu du Unicajak. Talde andaluziarrak iazko taldearen oinarria mantentzeaz gain, hainbat fitxaketa egin ditu. Joan Plazaren taldea hainbat aurpegi berrirekin aurkeztuko da Gasteizen: Markovic, Will Thomas, Stefansson, Vasileiadis edo Green. Bai Endesa Ligan bai Euroleaguen denboraldi on bat egin ondoren, iazko denboraldia errepikatzea edo hobetzea du helburu talde andaluziarrak. Zalantzarik gabe, urriak 11an partidu on bat izango dugu ikusgai Buesa Arenan 21:00tik aurrera.
Neptunas Klaipeda izango da Baskoniaren hurrengo aurkaria. Partidu honek txapelketa europarrari hasiera emango dio eta urriak 15an jokatuko da 20:30tik aurrera. Euroleagueko opening game-ak, batetik, saskibaloi europarreko talde klasikoetako bat eta, bestetik, sorpresa emateko asmoz txapelketan lehen aldiz arituko den talde bat izango ditu aurrez aurre. Kontinenteko 16 talde onenen artean sailkatzeko helburuaz hasiko du denboraldi europarra Laboral Kutxa Baskoniak.
Denboraldiko lehen derbia izkinaren bueltan daukagu. Urriak 25 eta 26eko asteburuan (ordutegia konfirmatzeke) Bilbao Basketek bisitatuko du Buesa Arena. Zalantzarik gabe, Endesa Ligako neurketa interesgarrienetariko bat. Derbia pasio handiz bizi da Gasteizen. Gainera, aurtengo derbiak esanahi berezia izango du Davis Bertansentzat . Lehen aldiz, jokalari letoniarrak Dairis anaia izango du aurrez aurre. Txapelketako partidu erakargarrienetako bat dela kontuan izanda, jende asko gerturatuko da Buesa Arenara. Talde bilbotarrak bere hiru erreferenteak mantendu ditu: Raul Lopez, Alex Mumbru eta Axel Hervelle. Bestalde, entrenatzaile berria sinatzeaz gain -Sito Alonso-, Bilbao Basketek hainbat fitxaketa egin ditu. Gauzak horrela, iazko emaitza hobetzea izango du helburu.
Galatasaray Liv Hospital Istanbulen aurkako norgehiagokak amaiera emango dio urri intentso honi. Urriak 31ako 20:30tan jokatuko da partidua. Talde turkiarrak Top 8a jokatu zuen iaz Bartzelonaren aurka. Txapelketako sorpresa azpimarragarriena izan zen eta beraz, neurketa hau froga garrantzitsu bat izango da Baskonia berriarentzat. Pocius, Arroyo, Jawai edo Micov bezalako jokalari garrantzitsuak izango ditu Baskoniak aurrez aurre.
Buesa Arenan saskibaloi onena zuzenean ikusteko lau aukera izango ditugu urrian.