Ez daukat amore emateko astirik
Azken denboraldian 25 urte bete ditut kirol profesionalaren kudeaketan. Eta egia esanda, aurtengoa oso konplexua izan da. Guztiok dakigu nolakoa izan den urtea. Ondo asko ezagutzen dituzuen kapital-zabalkuntzak, birfundazioak, abonatu kanpainak eta abar alde batera utziko ditugu. Gaurkoan ez ditut gehiago azpimarratuko. Gaurkoan bihotzaz soilik hitz egingo dizuet.
Lehiakortasunaren norabidea aurkitzea asko kostatu zaigu. Saskibaloian, momentu batzuetan izan gara soilik lehiakor. Futbolean aldiz, Jaenen luzapeneko azken minutu magiko hark mantendu zuen Futbol Liga Profesionalean jarraitzeko ametsa.
Baina egunerokoaz haratago, urte hau inflexio puntu bat izan da. Baskoniaren eta Deportivo Alavesen inguruan pentsatzeko eta etorkizunari buruz hausnartzeko balio izan dit esperientziak. Lerro hauetan, eginiko akatsak onartu nahi ditut. Ez dut hauek onartzeko inongo arazorik. Hori bai, argi daukat, hau ez da errukitzeko unea.
Inoiz baino gehiago, zailtasunek asko motibatu naute. Arazoei irtenbidea eman behar zaie eta hilabete asko daramatzat honi buruz hausnartzen. Apaltasun osoz, bidea jada hasia dugula uste dut.
Azken 25 urte hauetan, kirol kudeaketari dagokionez erreferente izan gara Europan. Baina axioma zahar hauek jada ez dute balio. Berritzen eta arriskatzen jarraitu behar dugu. Eta horretan gabiltza. Oraingoan ere akatsak egingo ditut, seguru gainera. Baina ez dut porrotean pentsatzeko astirik, ez dut amore emateko astirik. Hori dela eta, buru-belarri nabil lanean arazoak soluzio bihurtu nahian. Sinetsi nazazue; asmatzen saiatuko naiz.
Baina hausnarketa eta lorpen guzti hauek ezinezkoak dira zure laguntza gabe. Gasteiz gabe, Araba gabe, Euskadi gabe. Gure jenderik gabe.
Etorkizuna martxan da eta arrakasta guztion esku dago. Hiritarren, zaleen, bazkideen, komunikabideen, instituzioen… esku. Guztiok bat eginez, gure izena gogor entzungo da bai estatuan, bai Europan. Ea guztiok batera lortzen dugun.
Zurekin nago, zaude nirekin.