2022-23 denboraldiko bost jokalaririk onenen artean aukeratu dituzte estatubatuarrak.
Baskonismoa zorioneko da! Endesa Ligan jokaturiko lehen denboraldian, 2022-23ko bostekorik onenean sartu dira Darius Thompson eta Markus Howard. Bost jokalaririk onenen artean bi sartuta, Cazoo Baskoniak egin duen denboraldi bikainaren saria da. Bosteko onena Giorgi Shermadini, Dzanan Musa eta Edy Tavaresek osatzen dute.
Jokatu dituen 32 partidetan batez beste 6,1 saskiratze pase emanez, txapelketan asistentzia gehien banatu dituen bigarren jokalaria izan da Tennesseen jaiotako joko antolatzailea. 10 puntu, 2,5 errebote eta 14,7-ko balorazioarekin, taldeko jokalaririk baloratuena izan da. Bere partidurik onena Monbus Obradoiroren aurka sinatu zuen, 20 puntu, 9 asistentzia eta 27 puntuko balorazioarekin.
Saskibaloiko zaleengan arrastoa utzi du Markus Howardek. 96 hiruko sartuta, txapelketa osoan hiruko gehien erdietsi dituen jokalaria izan da New Jerseykoa. Kanaria Handiaren aurka bederatzi hiruko lortuta, Saski Baskoniaren historian sartu zen estatubatuarra. 16,1 punturekin, txapelketa osoko bigarren saskiratzaile nagusiena moduan amaitu du fase erregularra.
Baskoniako historiaren zortzigarren sari bikoitza
Endesa Ligako bostekorik onenean aukeratu duten Saski Baskoniako zortzigarren bikotea dira Howard eta Thompson. Beraien izenak Prigioni, Scola, Nocioni, Calderon, Rakocevic, Huertas, San Emeterio, Adams eta Bourousisi gehitzen zaizkie. Hauek dira Endesa Ligako bostekorik onenean sartu diren Saski Baskoniako zortzi bikoteak.
- 2003-2004: Andres Nocioni eta Luis Scola
- 2004-2005: Jose Manuel Calderon eta Luis Scola
- 2005-2006: Pablo Prigioni eta Luis Scola
- 2006-2007: Pablo Prigioni eta Luis Scola
- 2008-2009: Pablo Prigioni eta Igor Rakocevic
- 2010-2011: Marcelinho Huertas eta Fernando San Emeterio
- 2015-16: Darius Adams eta Ioannis Bourousis
- 2022-23: Darius Thompson eta Markus Howard
PlayOff-etako lehen partidaren atarian, sariak zaleei eskainiko dizkiete Darius Thompsonek eta Markus Howardek. Buesa Arenak paper garrantzitsua jokatu du eta Endesa Ligako asistentzia onena izan duen pabiloia izan da. Joan Peñarroyaren gizonek, 17 norgehiagoketatik 15 irabazi dituzte. Denboraldiko unerik garrantzitsuenean, baskoniako familia osoa motibatzen duten bi sari. Zorionak, Darius eta Markus!